Sakanako Mankomunitateko presidente David Orozek eta Nafarroa Oinez fundazioko idazkari Josu Reparazek hizkuntza gutxituak sustatzea helburu duen Txikiak Handi ekimena bultzatzeko hitzarmena sinatu dute, berriki, ibarreko erakundearen Lakuntzako egoitzan.
Txikiak Handi munduko hizkuntza gutxituen handitasuna aldarrikatzeko eta haien arteko zubiak eraikitzeko sortutako Nafarroa Oinezen proiektu iraunkorra da. Nafarroa Oinez festa bidelagun, euskararen eta euskal kulturaren aldarrikapenetik hizkuntza anitzen mundurantz zabaltzeko eta hizkuntza guztiak errespetatuak izateko eskubidea lortu nahi da.
Lastailaren 20an Txikiak Handi jardunaldia
Aurtengo edizioan Altsasuko Iñigo Aritza ikastolari dagokio antolaketaren ardura eta aipatzekoa da datorren lastailaren 20an, Nafarroa Oinezaren bezperan, ospatuko dela Txikiak Handi jardunaldia. Aipatu jardunaldian Euskal Herriko eta bai nazioarteko hainbat adituk parte hartuko dute gaiaren inguruan eginen diren hitzaldietan. Besteak beste, Johan Haggman izanen da, hizkuntza gutxituen inguruan Europako Batzordean 10 urtez lanean ibilia, Hizkuntza gutxituen batzordean eta Eleaniztasuna batzordean zehazki. Gaur egun Finlandia eta Suedian hizkuntza gutxituen inguruan hainbat fundaziotan lanean ari da Haggman. Harekin batera Idurre Eskisabel kazetaria, antropologoa eta EHUko irakaslea eta Juan Kruz Lakasta, Euskalerria Irratiko kazetaria izanen dira.
Horrezaz aparte, Yucatango “Radio Yúuyum” eta Irlandako “Raidió Na Life” ereduak ezagutzeko aukera izango da jardunaldietan.