Pentsiodunek kalean dagokiena eskatzen segituko dute

Guaixe 2018ko api. 22a, 12:16

1.080 euroko gutxieneko pentsioa eta 2011tik galdutako eros-ahalmena berreskuratzea exijitu dute

Astelehenean bi kontzentrazio egin ziren pentsio duinak aldarrikatzeko. Etxarri Aranazko azokan, Sasoiak, Nafarroako jubilatu eta pentsiodunen elkarteak deituta 120 bat pertsona elkartu ziren. Altsasun, berriz, deitzaileak Pentsionistak Martxan eta Otsailak 22 plataforma izan ziren eta 50 bat pertsona elkartu zituzten.

Batzuk eta besteek Espainiako Gobernuak proposatuta % 0,25eko igoeraren kontra egin zuten. Argitu zutenez, dauden 10.672.282 pentsioetatik soilik pentsioen % 53,73ri eragiten die, "gainontzeko % 46,27ri ez dio ezertarako eragiten". Azaldu zutenez, igoera horrek eta aurreko urteetan pentsioak bere horretan mantentzeak jubilatuen eta pentsiodunen eros-ahalmena berreskuratzeko ez du balio. Pentsioak urtero berritzeko Kontsumo Prezioen Indizea kontuan izatea aldarrikatu zuten. Eta, beste behin, 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatu zuten.

Espaniako Gobernuaren aurrekontu zirriborroaren arabera alarguntasun pentsioak urtean, bataz beste 450 euro igoko litzateke, gutxienekoa 250 eta 12.040 eurotik aurrerakoa 100.

Nafarroako Gobernuak heldu den urtera arte 20.000 alarguntasun pentsioak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin (707 euro) berdintzeko asmoa du. Jakinarazi duenez, dagoeneko 13.185 pertsonari osatu die pentsioa. Bestalde, Altsasun astelehenero Zumalakarregi plazan elkartuko dira, 12:00etan.