Ekin gurekin, eskola publikoek egindako deia

Guaixe 2018ko api. 20a, 09:28

Sakanako bederatzi eskola publikoek euren festa ospatzeko Etxarri Aranatz aukeratu dute. Biharko egun osoko egitaraua prestatu dute. Modu asko daudela eta eskoletatik parte hartzera gonbidatu dituzte sakandarrak

Sakana herri eskolekin sortzen 10. festa Etxarri Aranazko San Donato eskolak antolatu du Sortzen elkartearen laguntzaz. Azken horretako ordezkari Sergio Iribarrenek aurkezpenean nabarmendu zuenez, "Sortzenen indar nagusia eskoletako eragileak dira: gurasoak, irakasleak eta ikasleak". Sortzenen "amesten duten hezkuntza sistemaren oinarria eskola eta herria direla” azaldu zuen: "herriaren beharrei erantzungo dien eskola eta, aldi berean, herria eraldatzen, jendarte justuago bat lortzen, lagunduko duen eskola".

Iribarrenek azaldu zuenez, biharko festaren leloa, Ekin gurekin, "elkarlanerako dei bat da, elkartu eta eragin, gurekin batera, zu ere gu izateko, eta gu, zurekin, gu-ago izaten jarraitzeko."

Antolatzaileak

Eskolako zuzendari Ana Mazkiaranek gogoratu zuenez, festa duela 10 urte sortu zen eta haren helburua "herriak duen eskola euskaldun eta publikoa ezagutaraztea eta maitatzea zen. Garai hartan herri eskola hau gutxietsia zegoen eta argitasuna bilatu nahian, beste gauza batzuen artean, festa hau antolatu genuen". Ordutik egoera aldatu egin dela esan du eta “egun, San Donato euskalduna, publikoa, inklusiboa, berritzailea eta bere ikasleen ongizatearen konpromisoa duen herri eskola bezala ezagutzen da”.

Zuzendariak azaldu zuenez, eskola komunitate guztiaren "elkarlanarekin kemen, ahalegin eta ilusioz jai ederra prestatu dugu". Eskolatik Sakanara honako mezua zabaldu nahi dute: "ekin gurekin euskaraz eta euskararekin, ekin gurekin etenik gabeko hobekuntzan eta kalitatearekin, ekin gurekin berdintasunean, inklusioan eta ekin elkarlanean gurekin".

Festa Batzordeko kide Edurne Imazek parte hartzera deitu zuen: festan parte hartuz, postreak aurkeztuz edo haien zozketarako txartelak erosiz. Ibarreko enpresek eta dendek emandako laguntza eskertu zuten, horrela tonbola sortu baitute eta txartela erosten duen bakoitzak sari bana izanen duela iragarri zuen. Ikasleen letrarekin eta Juanpa Agirreren musikarekin kanta sortu dute, flahs mobean entzunen dena.

Egitaraua

11:00etatik 13:30etara Eskoletako tailerrak plazan, puzgarriak, eta postreen zozketarako tiket salmenta. Basabereko animaliak egongo dira ere.


12:00etan Erraldoiak eta gaiteroak. Irurtzungo Iskidi ihoaldun txikiak.


13:00etan Ekitaldia eta postreen zozketa.


13:30ean Flashmoba, oholtzan.


14:00etan Haurren bazkaria, frontoian.

15:00etan Helduen bazkaria, frontoian.

14:30etatik 16:30etara Puzgarriak eta rokodromoa herriko frontoian.


16:00etatik 17:00etara Poniak, oinezkoen alderdian.


17:30ean Eskolatik Oholtzara ikuskizuna, Sakanako eskoletako taldeen parte-hartzearekin.


18:00etan Txokolate-jana.


18:30ean Xaiborrekin dantzaldia
.

20:00etan Txuma dj kioskoan
.

22:00etan Zezensuzkoan eta festa akabera.