Lagun Artea eta Etxarri, punturik gabe

Guaixe 2018ko api. 24a, 08:59

Preferente maila. 27. jardunaldia: Lagun Artea 0 – Infanzones 2 / Etxarri 1 – Arrotxapea 2

Asteburu kaxkarra izan da hau preferente mailan dabiltzan talde sakandarrendako. Lakuntzan, Lagun Arteak Infanzones liderra hartu zuen. Ez zen partida ona izan eta Infanzonesek ez zuen aparteko ezer egin, baina hiru puntuak lortu zituen. Partida hasi eta berehala, 12. minutuan, aldeko penalti bati esker aurreratu zen Infanzones. Lagun Arteak hobe jokatu zuen eta nagusi izan zen, baina ez zen nagusitasun hori golekin islatzeko kapaza izan. Infanzonesek ez zuen lider zela demostratu, ez baitzuen ongi jokatu, baina azken minutuan bigarren gola sartu zuen eta lider mantentzea lortu zuen Obanosko taldeak. Aipatzekoa da ere arbitrajea ez zela batere egokia izan. Aldiz, Lagunek hobeto jokatu zuen baina punturik gabe geratu zen.

San Donato zelaian, aldiz, partida oso lehiatua eskaini zuten Etxarrik eta Arrotxapeak. Etxarri ongi hasi zen hasieratik, eta 12. minutuan Javierrek Sakanako taldea aurreratu zuen. Partidak bere horretan jarraitu zuen; Etxarrik dominatzen zuen, baina jaurtiketek ez zuten fruiturik. Arbitroa erabakigarria izan zen, eta ez zuen, preziski, Etxarri lagundu. Arrotxapeak, aldiz, Etxarriko atera iritsitako bi alditan zortea alde izan zuen eta etxarriarren despiste batengatik berdintzea lortu zuen eta 90. minutuan arbitroak seinaleztatutako falta bati esker garaipenaren gola sartu zuen.

Infanzones da preferente mailako liderra (54 puntu). Lagun Artea hamabigarrena da (28 puntu) eta Etxarri Aranatz hamairugarrena (26 puntu). Asteburuan Arrotxapearen kontra jokatuko du Lagun Arteak Iruñean eta Etxarri Aranatzek Artajonés taldea hartuko du San Donaton.