"Inun" kantautorearen kontzertua, maiatzean, Euskararen etxean

BABESTUTAKO EDUKIA 2018ko api. 24a, 09:02

Mikel Inunziaga Inun kantautoreak kontzertua eskainiko du Euskararen Etxean (Bilbo) maiatzaren 24an, (20:00ak inguru) Azkue Fundazioak antolatuta.

 Gitarra eta ahotsa lagun etorriko da musikari zornotzarra. Berreginez eta Da Nola lanen ostean hirugarren diskoa argitaratu berri du Inun abeslariak: Aingurak.
Zortzi abestidun diskoa

Aingurak diskoaren aurkezpen egunean, Lutxo Egia idazleak zera esan zuen: "Aingura, indar handiko irudia da. Izan ere, zeintzuk dira gure aingurak? Denok estekatzen gaituzten aingurak badaude, denok ditugulako. Baina era berean, aingura zerbait positiboa ere bada, sendotasuna erakusten baitu, deribaren kontrako elementua baita, eta orekarako giltza ere bai. Hain zuzen ere, disko berri honetan, nik oreka ikusten dut".

Diskoaren izenburua Jon Benitoren Aingurak erreketan poematik hartu du titulua Inun-ek: "Poema hura irakurri nuenean pentsatu nuen: hauxe musikatu egin behar dut".
Eta hala izan da. Benitoren hitzekin batera beste idazle eta lagun batzuen hitzak jaso ditu "artisau-lana" den disko honetan, besteak beste, Iñaki Mendizabalenak edota Iñigo Astizenak. Azken idazle horrena da hain zuzen ere, harrera paregabea izan duen Piztia zaurituak izeneko kantaren letra.

Zornotzarraren esanetan disko berria aurreko bien "hibridazio bat" da: "Hobekuntza asko tarteko, baina lehengoaren freskotasuna eta makillaje gutxi ditu, eta bigarrenaren instrumentazio landuago bat". Diskoa osatu du zortzi abestirekin, eta horien gainean zera dio: "Gaurko egoera sozialari eta norbanakoari buruzko galderak eta kritikak planteatzen ditut". Gaineratu du, ez dela tristeziaren apologia bat, ez zuela oso "disko iluna" egin nahi, eta kanta "gogorrak eta pisutsuak" musikarekin "leundu" dituela.

Diskoa grabatu du musikari lagunekin eta banda izango denarekin, eta biran arituko da, hortaz, honako hauekin: Argibel Euba, baterian; Dani Tomas, gitarra elektrikoan; Bihotz Gorospe, koro eta perkusioekin; Ekain Alzola, baxuan; eta kontzertu honetarako Sergio Mayoral tronpeta-jolea ere izango da.