Jakaren ondoren, Irribarria

Guaixe 2018ko api. 24a, 13:08

Joseba Ezkurdiak 22 eta 15 irabazi zion Erik Jakari ostiralean Altsasun jokatutako partidan. Igandean, Eibarren, Iker Irribarria du zain, txapelketako final laurdenetan

Ostiralean Buruz Buruko final zortzirenetako partida jokatu zuten Joseba Ezkurdiak eta Erik Jakak Altsasun. Ezkurdia zen faboritoa eta ez zuen hutsik egin, baina arbizuarrak ederki izerditu behar izan zuen Jaka irabazteko, partida ixtea kosta egin zitzaiolako.

Bi pilotariak parez pare hasi ziren, baina Joseba Ezkurdiak, sakearen eta Jakaren akatsen laguntzarekin 10 eta 5, 15 eta 6 eta 19 eta 7 aurreratu egin zen. Baina partida guztiz bideratuta zuela, bukatzea kosta egin zitzaion eta Jaka, gutxinaka, distantzia gutxitzen hasi zen. Horrela, 7 tantoko takada egin zuen segidan 19 eta 14 gerturatu zen markagailuan. Ezkurdiak bi atsedenak eskatu zituen eta, azkenean, Jakak egindako dejada bat bikain erantzun eta sakea berreskuratu zuen. Azkenean, 22 eta 15 irabazi zuen aurrelari arbizuarrak eta final zortzirenetan Iker Iribarriaren kontra ariko da.

Iribarriaren kontrako partida beste kontu bat izango da. Partida igandean jokatuko dute, 17:00etan Eibarko Astelenan hasiko den partidan (ETB1). Final laurdenetako beste partidatan, Olaizola II.ak Rezusta izango du aurkari ostiralean Bergaran (22:00, ETB1), Bengoetxea VI.a Elezkanoren kontra ariko da larunbatean Labriten (ETB1) eta Urrutikoetxearen eta Altunaren arteko lehia asteartean, maiatzaren lehenean jokatuko da Donostiako Atano III.ean (ETB1).

Promesetan, Bakaikoa ostiralean sartuko da lehian
Ostiraleko Altsasuko jaialdia Promesen mailak Buruz Buruko partida batek zabaldu behar zuen, Joanes Bakaikoa etxarriarrak eta Dariok jokatu beharrekoa, baina azkenean atzeratu egin da partida hori. Ostiraleko Bergarako jaialdia zabalduko dute Bakaikoak eta Dariok. Beraien partez, binakako partida batek ireki zuen Altsasuko jaialdia. Mendizabal III.ari eta Adur Lasari 18 eta 22 irabazi zieten Ugaldek eta Merinok.