Eztanda!

SASOIA Jubilatuen elkartea 2018ko api. 27a, 08:15

kolaboratzaileak

Ba, azkenean, eztanda egin du jubilatuen egoerak eta atzera bueltarik ez duela dirudi. Urtea hasi bazen hasi, azkeneko bost urte hauetan ez bezala, kezka eta amorrua sortu zuen 0,25eko igoera lotsagarri horrekin.  Burlatako hartu genuen Baezek bidali zigun eskutitza, milaka karta itzuli zitzaizkion Fatima andreari.

Askotan galdetu diot nire buruari, zergatik orain eta duela 5 urte ez? Orduko iragarpen kezkagarriak gauzatu direlako. Hasiera batean ondorio larririk ez genuen ikusi, baina KPI (IPC) gora joan den heinean, gure pentsioen eros ahalmena nabarmen jaitsi da, eta iragarri bezala, gaur egun arriskuan ikusten dugu duintasunez bizitzeko eskubidea. Eta jubilatuok, aho batez, ASKI DA esan dugu.

“Kalea gurea da”, “atzera pausorik ez”, “borroka hau gurea da”, entzuten zaie manifestariei beren amorrua agertzerakoan. Jubilatuen irudia aldatu beharra zegoen eta aldatzen ari da. Ez gaude ematen digutenarekin miserian bizitzeko prest. Gure eskubideak aldarrikatzen ditugu, ez dugu karitatetik bizi nahi. Pobreziaren muga gainditzen duen 1.080 euroko pentsioa, KPIn oinarritzen den igoera, Pentsio Sistema Publikoaren bermea, prekarietatea desagertzeko erabakiak.

Sakanako jubilatuen erantzunak ere gora egin du. Azkeneko bi hilabete hauetan egin ditugun kontzentrazioak jendetsuagoak izan dira, beldurra eta lotsa gainditzen ari garela dirudi, eta hori pozgarria da. Dagokiguna defendatzeko ez dugu inoren beharrik, gu geurea defendatzeko gai bagara; hori da borroka honen azpian dagoena.

Jarrai dezagun gure protestarekin. Maiatzaren 8an, goizeko 11:00etan Irurtzunen eta maiatzaren 28an Etxarri Aranatzen ikusiko gara berriz. Beste aukera batzuk: Altsasun astelehenero plataformak deituta eta, hilaren lehendabiziko ostiralean Pentsionistak Martxan taldeak deituta.