Loizaga eta Unda Bizi Mendi Duatloiko irabazleak

Guaixe 2018ko api. 24a, 16:13

Minutu bat eta 25 segundo atera zizkieten Iker Flores eta Mikel Sarasola sakandarrei. 108 bikotek hartu zuten parte Nafarroa Oinezek Altsasun antolatutako binakako proban

Larunbatean jokatu zen Nafarroa Oinezek antolatutako Bizi Mendi Duatloia. 121 bikote zeuden izena emanda, eta horietatik 108 bikotek hartu zuten parte, 216 partaidek hain zuzen. Proba berezia zen, binakakoa: lehen parte-hartzaileak 23 km osatu behar zituen mendi bizikletan eta Altsasuko Foru plazan bikotekideari txanda pasatu eta gero, bigarrenak 7 km osatu behar zituen korrika. Eguraldia lagun, gustura ekin zioten probari. Altsasuko auzipetuetako senitarteko batek, Adur Ramirez de Alda Pozuetaren arreba Haizeak, moztu zuen proba hasierako zinta.

Txirrindulariak izan ziren probari ekiten lehenak. Altsasuko Foru plazatik aterata, San Pedrotik Urdiaingo igerilekuetaraino jo behar zuten, eta Mauriako bidea hartuta, ibilbide ederra egin behar zuten Iturmendiko Pilare ermitara iritsi arte. Handik Urdiaingo San Juan ermitara jo behar zuten eta Urdiaingo baserrietatik Altsasura, azkenean ikastolatik barna buelta eman eta gero, Altsasuko Foru Plazara heltzeko. Antolatzaileek aipatu zutenez, erritmo bizian ibili ziren txirrindulariak, ibilbidea seinaleztatzeko aurretik motorrean zebiltzanak ia harrapatzeraino. Antolakuntzak goizeko zazpietan markatu zuen ibilbidea, baina badirudi norbaitek markak aldatu zituela, eta partaide batzuk bidean nahasi egin ziren eta horregatik barkamena eskatu zuen antolakuntzak.

Bizikleta segmentuan Mikel Sarasola izan zen azkarrena eta Iker Floresi egin zion txanda-pasa. Azken honek korrikako tarteari ekin zion, Basoitxi, San Pedroko bidea eta hainbat paraje eder zeharkatzen zituen 7 km-ko ibilbidea, proba Foru Plazan despeditzeko. Tarte honetan jarraika zituzten bizkaitarrak izan ziren finago, eta, azkenean Mikel Loizagak eta Mikel Undak irabazi zuten Bizi Mendi Duatloia (1:13:10), Iker Flores eta Mikel Sarasolaren aurretik (1:14:35). Jon Escala eta iñigo Lasarte izan ziren hirugarrenak (1:15:07) eta Iñaki eta Xabier Garmendia Beunza laugarrenak (1:15:46).

Talde mistoetan, Irati Larrañaga eta Josu Urrestarazu gailendu ziren (1:20:25), Garazi Artola eta Aritz Pagola (1:24:19) eta Frenando Ganuza eta Izaskun Beunza (1:25:05) bikoteen aurretik. Eta emakumezkoen taldeetan Mikele Etxekolonea eta Sarai Maritorena izan ziren azkarrenak (1:46:30), Irune Lazkano eta Gartze Mentxaka (1:58:28) eta Ainara de Migelen eta Leire Gonzalezen aurretik (2:05:23). Partaide guztiek jaso zuten kamiseta opari eta bukaeran lote ederrak zozketatu ziren.

Norbaitek ibilbideko markak aldatu izanaz aparte, guztia txukun atera zen eta pozik zegoen antolakuntza, bereziki emakume askok hartu zutelako parte, gehienak talde mistoetan.

Bazkaria
Nafarroa Oinezek bazkaria antolatu zuen Iñigo Aritza ikastolan, Bizi Mendi Duatloian parte hartu nahi zutenei eta bazkarian parte hartu nahi zutenei begira. Horrela, ia 200 pertsona bildu ziren trikitixek eta beste alaitutako bazkarian.

Sailkapena
Sailkapen guztia www.nafarroaoinez.eus web gunean kontsulta daiteke.

Argazki galeria
https://guaixe.eus/altsasu/1524474105432-oinez-eta-bizikletan-bizi-duatloiean