Etxeberria, Etxezarreta eta Astitz Nafarroako junior selekzioan

Guaixe 2018ko api. 25a, 10:18

Gipuzkoako XXIV. Klasikoan aritu ziren. Etxeberria bigarrena izan zen eta Nafarroako selekzioa taldekakoan hirugarrena

Igandean Nafarroako junior mailako selekzioa XXIV. Klasika Gipuzkoan aritu zen, Azpeitian. Selekzioan hiru sakandar aritu ziren, hirurak Aralar klubeko Intersport Irabia taldekoak: Iosu Etxeberria, Beñat Etxezarreta eta Inhar Astitz. Haiekin batera Mikel Retegik, Unai Esparzak eta Diego Uriartek osatu zuten Nafarroako selekzioa.

Lasterketa bikaina egin zuen Nafarroak. Errezilgo arranpa gogorrenetan sortutako ihesaldian sartu zen Iosu Etxeberria eta bigarrena izan zen helmugan, Portugalgo selekzioko Alfonso Silva irabazletik (2:31:12) 35 segundora. Halaber, lehenengo euskaldunaren saria jaso zuen Iturmendikoak eta mendiko sailkapenean bigarrena izan zen. Gainontzeko taldekideek lan ona egin zuten –Beñat Etxezarreta 79.a eta Inhar Astitz 104.a– eta Nafarroa taldekako sailkapenean hirugarrena sailkatu zen.

Bezperan Lizarran
Bezperan Lizarran aritu zen junior mailako tropela, XXI. Meoki Memorialean (73km). Ford-Garaje Morderno taldeko Daniil Turuk txirrindulariak irabazi zuen proba, helmugara bakarrik helduta. Intersport taldeko Josu Etxeberria laugarrena sartu zen, bere taldekide Urko Gorriti 9.a, El Caserio taldean dabilen Jon Gil lakuntzarra 18.a, Inhar Astitz (I.I.) 19.a, Imanol Galarza (I.I.) 29.a, Beñat Etxezarreta (I.I.) 35.a, Diego Gonzalo (Quesos Albeniz) 46.a, Javier Mitxaus (I.I.) 49.a eta Xabier Mauleon (I.I.) 69.a.