Zabaleta omenduko dute Irurtzunen

Guaixe 2018ko api. 25a, 12:26

Maiatzaren 4an izanen da, Irurtzunen. Pilota jaialdirako sarrerak salgai daude Hotel Plazaolan

Jose Javier Zabaleta pilotaria etxarrendarra da baina Irurtzunekin lotura handia du. Bertan egin zituen ikasketak eta Irurtzun pilota klubean trebatu zen. Horrela, Ezkurdiarekin batera Binakako txapelduna den etxarrendarra Irurtzunen omenduko dute, maiatzaren 4an, hurrengo ostiralean, 22:00etan. Aspek antolatu du ekitaldia, Irurtzungo eta Arakilgo udalen eta Irurtzun pilota klubaren laguntzarekin.

Pilota jaialdi ederra antolatu dute horretarako Irurtzungo Biaizpe pilotalekuan.  Jaialdia zabalzen duen partidan Ugaldek eta Adur Lasak Elordi eta Martinez izango dituzte aurkari, eta partida nagusian Ezkurdiak edo Irribarriak –Buruz Burukoan asteburu honetan elkarren kontra duten partidako galtzaileak– eta Martijak Retegi Bi eta Zabaleta izango dituzte aurkari. Aurretiazko sarrerak salgai daude Hotel Plazaolan.