Administrazioak, Nafarroako Gobernua barne, eta euskalgintza bat egin dute Euskaraldia sustatzeko. Gure hizkuntzaren erabilerari bultzada eman nahi dio Euskaraldiak Euskal Herri osoan. Horretarako, 11 egunetan ahalik eta euskara gehien egitea proposatu dute. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra izanen da hori. Jakinik, denbora tarte horretan ohitura txiki asko aldatu eta euskarari arnas berria emateko aukera dagoela.
Euskaraldian parte hartzeko lehenik herriek eman behar dute izena eta, ondoren, herri horietako herritarrak. Sakanan dagoeneko zazpi dira izena eman duten herriak: Irurtzun, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku eta Urdiain. Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzutik jakinarazi dutenez, Euskaraldian izena eman ez duten herriek oraindik ere horretarako aukera izanen dutela.
Izan ere, maiatzaren 9rako saioa antolatu du eta horretan Euskaltzaleen Topaguneak Euskaraldiari buruzko oinarrizko informazioa emanen du Mank-en Lakuntzako egoitzan. Horregatik, izena eman ez duten herrietako udaletako eta euskalgintzako ordezkariei hara joateko gonbidapena luzatu zaie. Saioa bukatu ondoren izena eman ez duten herrietako ordezkariak bilduko lirateke eta han erabakiko lukete aurrera egin edo ez.
Topaguneak maiatzaren 9an emanen duen saio horrek bigarren zati bat izanen du: izena eman duten herrietakoendako ahalduntzeko saioa izanen da eta Euskaraldia herrian aurrera aterako duen talde motorrak osatuko dituzten pertsonak elkartu nahi dituzte. Saioaren bidez talde motorrei laguntza eskaintzea eta egitasmoa martxan jartzeko irizpideak emanen dizkiete.