Nafarroako Zirkuitu Txapelketatik dominaz lepo

Guaixe 2018ko api. 26a, 15:52

Iratxe Lapuentek hiru domina, Anne Lapuentek bat, Unai Baztanek hiru eta Ioseba Fernandezek bi lortu zituen. Bihar Sakanako Irristalarien Topaketa antolatu dute Olaztin

Larunbatean, Barañaingo Lagunak-eko pistan Nafarroako Txikien Ligako 3. jardunaldia jokatu zen. Sakana Patin taldeko Enara Perez, Gaizka Flores, Jon Urkizar eta Oier Ormazabal aritu ziren, eta maila ona eman zuten.

Bestalde, Iruñeko Antoniuttik Nafarroako Zirkuitu Txapelketa hartu zuen, kimuen, haurren, jubenilen, juniorren eta seniorren mailan. Lasterketa bikainak jokatu ziren, eta tartean Ioseba Fernandez irristalari iturmendiarrak 100 metroko munduko errekor berria ezarri zuen: 9,604 segundo. Sakanako 11 irristalarik hartu zuten parte, gehienak Sakana Patin taldekoak: kimuetan Enara Arregi, Maialen Pain, Intza Unamuno, Eukene Baquez, Iratxe Lapuente, Iker Gomez eta Oier Ormazabal; haurretan Maddi Goya, Mara Gomez, Yeraik Goikoetxea eta Ane Arregi; jubeniletan Ana Rita Correia eta Anne Lapuente (biak Lagunak taldekoak); juniorretan Unai Baztan (Amaia) eta Unai Villalobos (Lagunak, lesioagatik ez zen aritu) eta seniorretan Kevin Marques (San Juan) eta Ioseba Fernandez (Berriro Ere).

Iratxe Lapuente lehena izan zen 500 m sprintean, bigarrena 1.500 m linean eta lehena 3.000 m puntuetan. Anne Lapuente hirugarrena sailkatu zen zirkuituko bueltan; Unai Baztan hirugarrena izan zen zirkuituko bueltan, bigarrena 10.000 m puntuetan eta bigarrena 20.000 m kanporaketan, eta Ioseba Fernandez lehena 100 m sprintean (munduko errekorra, 9,604 segundo) eta lehena zirkuituko bueltan.

Larunbatean Sakanako irristalarien topaketa
Sakanako Mankomunitateak Sakanako Irristalarien Topaketa antolatu du larunbatean, apirilaren 28an, Olaztiko Erburua kiroldegian, 17:00etan. Eta maiatzaren 1ean Txantreako Irristaketa Trofeoa jokatuko da.