Jubilatuek pentsio duinak eskatzen segituko dute

Guaixe 2018ko api. 27a, 11:41

Espainiako aurrekontuetarako lortutako akordioa ez dute nahikotzat jotzen

Herenegun zabaldu zen Espainiako aurrekontuak onartzeko adostasuna lortu zutela PPk eta EAJk. Hitzartutakoen artean pentsioen ingurukoak daude: aurten eta heldu den urtean pentsioak Kontsumo Prezioen Indizearen (KPI) arabera eguneratuko dira eta aurten atzera eragina izanen du; alargunen pentsioei dagokionez, hildako ezkontidearen pentsioaren oinarri likidagarriaren egungo % 52 jasotzen dute eta aurten % 58ra eta 2019an % 60ra igotzea onartu dute eta etorkizuneko pentsioak jaitsi ditzakeen iraunkortasuneko faktorea 2.023an sartuko da indarrean.

Pentsionistak Martxan eta Otsailak 22 plataformak deituta herenegun 50 bat pertsona elkartu ziren Altsasuko udaletxe parean pentsio duinen alde. Han bildutakoek iragarritako akordioa ez zuten nahikotzat jo. Egungo sistema publikoa mantendu nahi lukete haiek. Eta Nafarroarako sistema propioa aldarrikatu zuten. Gogoratu zuten eurek 1.080 euroko gutxieneko pentsioa aldarrikatzen dutela eta akordioak 700 eurotik beherako pentsiodunendako 10 bat euroko igoera izanen dela gaztigatu zuten. KPIaren araberako igoera bi urterako dela eta horiek pasata, atzera ere, % 0,25eko igoerara pasatzeko aukera nabarmendu zuten.

Bizi itxaropena
Iraunkortasun faktorea heldu den urtean indarrean sartu beharrean 2.023an sartzea ere adostu dute. Hori da pentsioetan eragin handiena duen neurria, etorkizuneko pentsioak jaitsi eta sistema eramangarria egin asmoz PPk onartu zuena. Neurri horren arabera gero eta bizi itxaropen handiagoa, orduan eta urte gehiagotan banatu beharko da pentsioa. Esaterako, 2019an indarrean sartuko balitz, 2013-2017 urteen arteko bizi itxaropena hartuko lukete kontuan kalkulua egiteko. Eta    tarte horretan bizi itxaropena luzatu zenez, hilero % 0,47 gutxiago jasoko lukete 2019tik aurrera jubilatuko liratekeenak. Horren jakitun, hainbat pertsona jubilazioa aurreratzea aztertzen ari zirela esan ziguten, egungo sistemarekin hobe ateratzen zaielako.

Pentsiodunek esan zutenez, “orain arte ez zegoen dirurik. Eta orain bai. Nahi dutenerako dago”. Eta gobernua bere jarreratik mugiarazi duena mobilizazioak izan direla nabarmendu zuten. Aldi berean,
egindako mugimenduak “nahasteko” eginak direla esan zuten, “politikoki eta ekonomikoki ez sufritzeko”. Heldu den urtea hauteskunde urtea dela gogorarazi zuten ere.