Ezkurdia, Buruz Buruko finalerdietara

Guaixe 2018ko api. 30a, 10:31

Final laurdenetan Irribarria 9 tantotan utzi zuen Arbizuko aurrelariak. Finalerdietan biharko partidako irabazlea, Urrutikoetxea edo Altuna, izango du aurkari

Joseba Ezkurdia Buruz Buruko finalerdietan dago, merezimendu osoz. Larunbatean Eibarko Astelenan jokatu zuen aurrelari arbizuarrak, final laurdenetako partida, Iker Irribarriaren kontra. Arbizuarrak sekulako partida egin zuen, agintea hartu zuen eta Irribarria menderatu zuen, 22 eta 9 irabaziz. Binakako txapela irabazi eta gero, goranzko ibilbide horretan jarraitzen du Ezkurdiak. Badirudi txapela lortzearekin presioa eta mamuak nolabait uxatu dituela eta bere benetako maila ematen ari da arbizuarra.

Igandean 2016ko txapelduna eta 2017ko txapeldunordea zuen aurrez aurre Ezkurdiak, Iker Irribarria. Dirua Irribarriaren alde atera zen, 100-80ra. Izan ere, pilotari handia da Aramakoa, eta, hortaz, partida gogorra aurreikusten zen. Lehen tantoa Irribarriaren aldera erori zen, Ezkurdiak oparitutako dejada bat. Hasieran parez pare ibili ziren bi pilotariak; Irribarriak kontrolatu zuen markagailua –3 eta 6ko aldea izan zuen–, baina ez zuen aginte makila behar bezala hartu. Horrela,  Ezkurdia sakearekin mi handia egiten hasi zen. Horrekin batera, ongi jokatzen hasi zen arbizuarra eta Irribarria ezkertiaren eskuina bilatzen saiatu zen uneoro. Ondorioz, arbizuarra tantoak pilatzen hasi zen. Beste aldean, Irribarria deseroso ibili zen. Kolpe sendoak jo zituen, baina ez zen erregulartasunarekin ibili; ez zuen guztiz gozatu. Buruz burukoa prestatzeko nahikoa tartea izan zuen Irribarriak, baina lehiaketaren erritmoa falta izan zitzaion. Finean, ez zuen egun ona izan eta sufritzea tokatu zitzaion.

Ezkurdia aldea ateratzen hasi zen – 7 eta 6–, eta hortik aurrera tanto segida ederra egin zuen arbizuarrak, 13 eta 6 aurreratzeraino. Arbizuarrak ez zuen ezer oparitu eta Irribarriaren doainak zapuzten jakin zuen. Gipuzkoarrak ez zuen jakin partida nola bideratu eta aukerarik gabe geratu zen. Ezkurdiak bide onean jarraitu zuen eta, sekulako erakustaldia emanez, 13 eta 8tik 18 eta 8ra joan zen zuzenean. Irribarriak bederatzigarren tantoa egin zuen, baina arbizuarrak, sakeari, bolea ikusgarriei eta erremate bikainei esker, partida irabaztea lortu zuen, 22 eta 9. Buruz buruko finalerdietara sailkatu da arbizuarra, lehenengoz, eta oso pozik zegoen.

Buruz Buruko finalerdietan, maiatzaren lehenean Urrutikoetxearen eta Altuna III.aren arteko partidako irabazlea izango du aurkari Joseba Ezkurdiak. Beste finalerdia Elezkano II.ak eta Aimar Olaizolak jokatuko dute.