Etxarrik irabazi eta Lagun Arteak galdu

Guaixe 2018ko api. 30a, 12:30

Preferente maila. 28. jardunaldia: Etxarri 6 – Artajones 3 / Arrotxapea 2 – Lagun Artea 0

Txanponaren bi aldeak ezagutu dituzte preferente mailan dabiltzan Sakanako bi taldeak. Iruñean Arrotxapearen kontra aritu zen Lagun Artea. Partida oso lehiatua izan zen eta hasieran Lagun Artea hobeto aritu zen eta aukera ederrak sortu zituzten, baina gutxinaka Arrotxapeak baloiaren kontrola hartu zuen eta atsedenaldia baino lehen aurreratzea lortu zuten Iruñakoek. Bigarren zatian Lagun Artea kontraerasoekin mina egiten saiatu zen baina Arrotxapeako atezaina adi egon zen eta lakuntzarrek ez zuten golik sartzea lortu. Eta 74. minutuan Arrotxapeak bigarren gola sartu zuen eta horrela despeditu zen partida.

Etxarri Aranatzen, aldiz, gol festa ederra ospatu zuten etxarriarrek. Artajonesek gola sartu zuen hirugarren minutuan, baina etxarriarrek egoerari buelta eman zioten berehala eta atsedenaldira 3 eta 1koarekin joan ziren, Oihan, Iñigo eta Garat jokalariek sartutako golei esker. Bigarren zatian joera berberarekin jarraitu zuen partidak eta bikain aritu ziren etxarriarrak. Pablok ate propioan, Aitorrek eta Javierrek sartutako golei esker, azkenean 6 eta 3 irabazi zuen Etxarrik, mailari eusteko borrokan puntu oso garrantzitsuak.

Igandean derbia Lakuntzan
Preferente mailan Infanzones da liderra (57 puntu), Etxarri Aranatz 12.a (29 puntu) eta Lagun Artea 13.a (28 puntu). Asteburuan bi talde sakandarren arteko derbia jokatuko da Lakuntzan. Bi taldeak mailari eusteko borrokan puntuen faltan daude eta partida estua izango da.