Munarrizek Nafarroa Xtrem despeditzea lortu zuen

Guaixe 2018ko mai. 2a, 13:34

Jose Luis Berazak proba utzi behar izan zuen 57. kilometroan

Gogorra, oso gogorra izan zen larunbatean Zubirin jokatutako III. Nafarroa Xtrem Ultra lasterketa (68 km). Artesiaga, Urkiaga eta beste hainbat mendi gurutzatu zituzten 4.000 metro baino gehiagoko desnibel positiboa zuen proban aritu ziren korrikalariek. Guztira 316 korrikalarik lortu zuten proba despeditzea eta Santanderreko Raul Perez (7:05:03) eta Silvia Ainhoa Trigueros (8:41:29) izan ziren irabazleak, errekorrak apurtuz. Aritz Munarrizek proba bukatzea lortu zuen. 28.a sartu zen helmugara (8:38:52). Etxarriarrak sare sozialetan adierazi zuenez, “mendiak eman didan egun latz eta gogorrena” izan zen larunbatekoa. Aldiz, Jose Luis Beraza uhartearrak ezin izan zuen proba despeditu. Aurreko postuetan zihoan uhartearra, baina Aritzuren ondoko igoeran indarrak ahitzen hasi zitzaizkion eta Iragin, 57. kilometroan, proba uztea erabaki zuen. Uharte Arakilgo korrikalari beteranoak adierazi duenez, azken hilabeteetan ezin izan ditu entrenamendu onak egin, osasun arazotxo bat tarteko, eta ultrak ere bere distantzia aproposenak ez direnez, ez zen ongi sentitu eta proba utzi behar izan zuen.

Laburrean Hernaiz lehen sakandarra
Proba nagusiarekin batera, III. Nafarroa Xtrem laburra antolatu zuten, 33 kilometrokoa. Javier Lizarraga 2:50:31) eta Enara Oronez gailendu ziren proba bukatu zuten 288 korrikalarien artean. Sakandarren artean, Aitor Hernaiz lakuntzarra izan zen azkarrena, helmugan 46.a (3:27:40).

Pagoeta
Bestalde, Pagoeta mendi lasterketa Ibai Makazagak (1:37:34) eta Maite Etxezarretak (1:50:49) irabazi zuten. Carlos Mañeru etxarriarrak 84. postuan despeditu zuen lasterketa (2:08:00).

Sakandarrak III. Nafarroa Xtremen
Luzea: 68 km
1.Raul Perez:        7:05:03
28.Aritz Munarriz:    8:38:52

Motza: 33 km
1.Javier Lizarraga:    2:50:31
46.Aitor Hernaiz:        3:27:40
68.J.Daniel Lakuntza:    3:36:37
84.Juanjo Armendariz:     3:43:13
96. Ibon Ubeda:        3:45:24
127.Gorka Arratibel:    3:52:34
236.Sergio Goñi:        4:33:05
237.Iñaki Lacalle:    4:33:05