Antsoainek Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketako 3. jardunaldia hartuko du

Guaixe 2018ko mai. 3a, 14:34

Larunbatean, 17:00etan, Antsoaingo pilotalekuan. Bigarren jardunaldia jokatuta, kadeteetan Iñigo Aritza bigarrena doa eta Andra Mari laugarrena

Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa aurrera doa. Apirilaren 22an txapelketako 2. jardunaldia jokatu zen Lesakan. Gizonezkoen 320 kiloko Txapelketako 2. jarduna, 20 urtez azpikoen 280 kiloko 2. jardunaldia, emakumezkoen 255 kiloko 2. jardunaldia eta kadeteen 280 kiloko 2.jardunaldia izan ziren Lesakan jokatu zirenak.

Kadeteen Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketako 2. jardunaldian bost talde lehiatu ziren, tartean Sakanako Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastolak. Orain arte jokatutako bi jardunaldiak kontuan hartuta, Basaburua da talderik onena (10 puntu), Iñigo Aritza (8 puntu) eta Berriozar (4,5 puntu) taldeen aurretik. Andra Mari laugarrena da (4 puntu) eta Anar bosgarrena (3,5 puntu).

Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketako 3. jardunaldia larunbatean jokatuko da, 17:00etan, Antsoaingo pilotalekuan.