Intimidazioa, beldurraztea, hitzaren esanahiarekin aurrera eta atzera gabiltzan honetan ezinbestez eskola garaiko semantika ikasgaia ekarri dit gogora. Semantika ikasgaian hitzen esanahia aztertzen genuen, baina, adierek “interpretaziorako” hainbesteko joera zuenik ez ziguten irakasten.
Subjektibitateak eta “botereak” hitzen esanahietan duen eraginaren erakusle da sanferminetan emakume bati taldean egindako erasoari buruzko epaiaren sententziarekin gertatutakoa.
Horregatik, orduan bezala, hiztegira jo behar izan dut hainbestetan aipatzen ari den “intimidazio” hitzaren esanahi jasoa bilatze aldera. Intimidazioa, beldurra erabiliz edo sortuz, besteek (bost gizon) norbaiti (emakume bakarra) haiek nahi dutena eginaraztea da. Semantikan trebeak izan diren epaiketa honetan erabil edo erabili ez diren beste hitzak arrastinatzera (arakatzera) jo nezakeen (abusua, indarkeria, bortxaketa, baimena-oniritzia, erresistentzia eza…), baina, zertarako? Alperrik, hiztegi juridikoak guztiok ezagutzen ditugun “subjektibitateak eta interpretazioak” baititu.
“Norberak nahi duena besteek beldurraren bidez eginaraztea da larderia”.
Agian, epai honetan erabilitako hitzen “benetako” esanahia duda-mudan jarri nahi izan dute. Baina jendarteak hitzen semantika agerian utzi du, interpretazioetara jo gabe, den-dena agerian utziz eta ekintza bakoitzari bere izena eta izana jarriz. Egindako lan honi esker, norbaitek zalantza egin al dezake Iruñeko ezkaratz hartan intimidaziorik egon ez zenik? Hiztegi juridikoa erabiltzen dutenek, antza, bai. Gainera, ez dugu ahaztu behar herritarren eskubideak bermatzeko dagoela dioen justiziak, magistratuek, sexu harremanez ulertzen (interpretatzen) dutenaren baitan epaitzen gaituztela: indarkeria matxistaz.
Horregatik eta beste arrazoi askorengatik, sistema hori aldatzeko ekintzaile feministaz josten ari dira karrikak. Haserrea, amorrua, erakusten duten aldarrikapen irudi horiek guztiek, ezinbestez, duela berrogeita hamar urte izan zen maiatza ospetsua ekarri dit gogora, Maiatz Ederra. Askok garai hura irudi poetikoa eta politikoa zuen postal baten modura irudikatu genuen, belar usaina zeriola. Orduko langileek eta ikasleek, gaur egun gertatzen ari den legez, kalea hartu zuten. Baina, han ere baziren jarrera matxistak eta hori zapuzteko bidean sortu zen Europako mugimendu feminista garaikidearen hastapena. Egungo mugimenduek sortzen duten aparrarekin sortuko al da beste olaturen bat? Agian, feminismoaren hirugarren olatuaren hastapenetan gaude. Agian.