Tokiko egitura berri bat Nafarroan, landa eremuko despopulazioari aurre egiteko

Xabier Lasa Tokiko Administrazio Zuzendaria 2018ko mai. 4a, 08:12

kolaboratzaileak

Duela aste pare bat NUKFeko presidenteak Nafarroako populazioaren azken hamar urteotako bilakaerari buruzko ikerketa bat aurkeztu zuen legebiltzarrean. Azterketaren konklusioak, ezagunak izan arren, larriak dira eta alarma piztu dute instituzio eta komunikabideen artean, albistea luze zabaldu dutenak.

Datuek baieztatzen dute Nafarroak %6ko populazio hazkundea izan duela azken hamar urteotan baina, oroz gaindi, populazioaren lurralde barreneko kokapenean dagoen asimetria azpimarratzen dute. Nafarroako 643.000 bizilagunetatik 345.000 (%54a) Iruñerrian bizi gara eta gainerakook sakabanatuta gaude nolanahi gainerako zonaldeetan. Populazio dentsitatearen araberako konparaketa egiten badugu, bi muturrak hartuta, Iruñerria eta Pirinioak alegia, gertaeraren tamaina nolakoa den ikus dezakegu: Iruñerrian 1.039 bizilagun/km2ko dugu, Piriniotako ibarretan, aldiz, 4,1 bizilagun/km2ko. Adierazgarria benetan.

Argi dago hiriburua garapen ekonomiko eta zerbitzuen erreferente gisa sendotzen dela landa mundua desagertze bidean doan heinean. Bistan denez hori guztia ez da kasualitatez gertatzen, baizik eta azken hamarkadetan Nafarroan planteatu diren garapen ekonomikoa, mugikortasuna eta bizitza soziala bultzatzeko politikak ez baitira pentsatu inguruko eskualdeen pizteari begira, ez eta eskualde horietan errotua dagoen lehen sektoreko ekonomiari begira ere. Aitzitik, lurraldea baztertu egin da erreferente gisa erabaki sozio-ekonomiko inportanteak hartzeko tenorean. Politikaren eta zerbitzuen egitura zentralizatu bat proposatzen da, ia beti modu sektorialean pentsatua, arloka eta ez lurraldeka. Hori guztia mugikortasun erradial batez lagundua, non Iruñea beti zentroa den eta kanpora abiatzeko edota barreneko herrien artean mugitzeko derrigorrezko igarobidea den.

Gertakaria ez da Nafarroakoa soilik, mundu mailakoa baizik. Horrela, NBEren 2030 Agendak gure jendarteen hazkunde jasangarria planteatu du erronka, horrek lurraldearen kohesioa barne hartzen du: “Onartzen dugu hiri-ingurunearen kudeaketa eta garapena funtsezkoak direla gure herrien bizi kalitaterako. Tokiko agintari eta elkarteekin lan egingo dugu gure hiri eta herriak berritu eta planifikatzeko elkarte kohesioa eta pertsonen segurtasuna bultzatzeko... Joera eta aurreikuspen demografikoak kontuan hartuko ditugu gure landa eta hiri grapenezko estrategia eta politiketan” (2030 Agenda, 34. art.).

Nire ustez landa eremua berrindartzeko estrategia argi bat hartzeko tenorean gaude, Nafarroako lurralde orekaren eta kohesioaren oinarria izanen dena. Horrela behar luke izan, zarata alarmistatik haratago oraingo joera benetan irauli nahi bada. Ez da aski kezka handiko azalpenak botatzea, “erositako prezioan saldu daitezkeenak”, zeren eta  bota orduko aurreko politika estrukturalekin jarraitzen baita, hain zuzen kritikatzen den egoerara eraman duten berberekin.
    
Arazoari benetan aurre egin nahi badiogu politika berriaren gakoetako bat litzateke toki administrazio egitura sendo bat eraikitzea, zentralismoari aurre egiteko gai izanen dena, lurraldearekiko erreferentzialtasuna azpimarratuko duena, landa eremuetako garapen ekonomikorako eta zerbitzuen hobekuntzarako oinarri gisa balioko duena. Horretarako beharrezkoa da tokiko planta berri bat ezartzea Nafarroan.

Helburua da udala bultzatzea politika garrantzitsuen eragile nagusi gisa eta modu egokian pentsatutako tokiko sare bat osatzea zonaldeak eraginkortasunez diseinatzeko. Planta berri bat tokiko erakundeen eskumenak bultzatzeko eta alorreko politikak lurraldeari begira planteatzeko. Halaber, udalak hobeki finantzatu behar dira -ez populazio kopuruaren arabera, baizik eta tokiko garapenaren helburuei begira- eta udalez gaindi batzeko zerbitzu eta eskumenak lurraldeari begirako erakundeetan antolatu, eskualdeetan alegia, gaur egun indarrean dauden arloka pentsatutakoen aurrean.

Lan horretan ari gara duela bi urte baino gehiagotik, Tokiko Administrazioaren Erreformaren prestaketarekin. Parte-hartze prozesua bukatu da dagoeneko eta proposamena Legebiltzarrera igortzeko unea hurbil da. Erabakiak hartzeko tenorea heldu da, bai eta, diskurtso alarmistatik haratago, alderdi politikoen aldetik eta gizarte erakundeen aldetik joerak aldatzeko eta desoreka eredu hau kohesionatuago batez ordezkatzeko apustu argi bat egin dela erakusteko ere, eta baliabide eraginkorrez egiteko.