DaNtzAn!

Guaixe 2018ko mai. 4a, 08:20

kolaboratzaileak

Aurreko igandean hasi zen Nafarroako dantza garaikidearen jaialdia. Apirilaren 29an munduko dantzaren eguna ospatzen dela aitzakia hartuta, duela 3 urte Nafarroako Gobernuak jaialdi hau sortu zuen, dantza garaikidea Nafarroako herritar guztiei gerturatzeko asmoz.

Orain arte Nafarroan dantza ikuskizunak batzuen poltsetarako zeuden eginak. Eskaintza gutxi eta garestia, eta dantza garaikidea ikusteko aukera handirik ez, noski. Baina ematen du gauzak aldatzen ari direla eta horren ondorio da jaialdi hau. 15 egunez makina bat dantza ikuskizunez gozatzeko aukera, prezio baxuetan edo/eta dohainik.

Aurten ikuskizun horietako bat Sakanan bertan ikusteko aukera izan dugu. Kukai dantza taldeak Sharon Fridmanen zuzendaritzapean sortutako Erritu ikuskizunaz gozatzeko aukera izan nuen aurreko astelehenean. Pena eguraldi eskasagatik Altsasuko Iortian ikusi behar izana.

Ordu luze batez itxaron beharrak pena merezi izan zuen. Kukai dantza taldeak aurreko urtean lortutako sari guztiak ederki merezitakoak direla erakutsi ahal izan ziguten. Ikuskizun borobila benetan, motz xamarra agian, ondo pasatu genuenaren seinale ziur. Ordu oso batez norberaren gorputzaren kontrola nola maneiatzen duten erakutsi ziguten 6 dantzariek. Pausu berdina denbora luzez nola mantendu ahal dutenaren klase magistrala. Euskal dantzetako pausuak birmoldatu eta garaikideturik ikuskizun ederrak sortu daitezkeenaren emaitza.

Ikuskizuna borobiltzeko taula gainean ikusi genituen adinako artista eta teknika guztiak aipatu behar dira. David Azurza tenoreak jarri zion ahotsa Luis Miguel Cobo konpositorearen soinu bandari. Landarbaso abesbatzako nesken ahotsez lagundurik koroetan. Barne barneraino iristen zen erritu soinuz sortutako musika elektronikoa argi diseinu finaz lagundurik.

Musika eder honetaz baliatuz mugitzen ziren erritmikoki 6 dantzariak beraien hoiko jantzien estiloaz baliaturik.

Ikuskizuna amaituta lagun bat etorri zitzaidan ikuskizuna ulertu nuen hala ez galdezka. Ba egia esan ez dakit, ez daukat ikuskizuna bere osotasunean ulertu beharrik. Zergatik deitzen da Erritu ikuskizuna? Barne barneraino iristen ziren ahots horiek trantzera eraman ahal dizutelako? Hala eskuekin txori keinu haiez baliatuz zerura eramaten dizutela sentitzen duzulako? David tenoreak koba baten barrutik abesten digulako eta euskaldunak kobazuloetan errituak egindakoak izan direnaren seinale garelako?

Egia esan ez dakit, ziuraski San Miguelen izan balitz ikuskizuna aurreko egunean Iortia kultur gunean sentitu nituenak bikoiztu egingo zirela suposatzen dut, baina ikuskizuna osotasunean nahiz eta ez ulertu, gauza bat gustatzen zaidanean barru barruan sentitzen dut eta Jon Maia eta Sharon Fridmanen Erritu ikuskizun sentsual honek nire barrenak mugitu zizkidala esan beharra daukat.

Mila esker Kukai dantza taldeari gure kulturari buelta pare bat eman eta gaurkotasunera birmoldatzeagatik eta Sakanako Garapen Agentziari horrelakoak gurera ekartzeagatik.