Azaroaren 23aren eta abenduaren 3aren artean euskararen erabilerari bultzada eman nahi zaio. Euskaraldia izena eman diote 11 egun horiei eta asmoa da dakienak ahal duen toki guztietan euskaraz hitz egitea da. Bera ahobizi izanen da. Baina, gainera, euskara ulertzen duenak baina hainbat arrazoirengatik hitz egitera ausartzen ez denak berari euskaraz hitz egiteko eskatuko du 11 egun horietan. Bera belarriprest izanen da. Hori guztia behar bezala antolatu ahal izateko prestaketa bilerak egiten hasiak dira.
Izen ematea
Dagoeneko Nafarroako 60 herrik baino gehiagok eman dute izena Euskaraldian. Horien artean zazpi sakandar daude: Irurtzun, Arruazu, Lakuntza, Arbizu, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Iturmendi eta Urdiain. Euskaraldian izena eman ez duten herrietako jendea ere joan daiteke asteazkeneko bilerara. Saioan bertan Euskaraldiari buruzko oinarrizko informazioa emanen da interesa duten pertsonendako eta herriek izena emateko aukera izanen dute.
Asteazkenekoa ere ahalduntze saioa izanen da. Izan ere, bilerak herri bakoitzean Euskaraldiko talde motorrak sortzeko balioko du. Ahalduntze saio horren helburu nagusiak izanen dira talde motorrei laguntza eskaintzea eta egitasmoa martxan jartzeko irizpideak ematea.
Bilerara joaten direnek Euskaraldia Sakanan nola zabaldu aztertuko dute Topagunearen laguntzarekin. Egitasmoa martxan jartzeko gakoak azalduko dira eta beste herrietan dagoeneko egin diren ekimenak partekatuko dira.