Langileen eguna aldarrikapen moreez

Guaixe 2018ko mai. 3a, 19:21

Altsasun manifestazioa egin zuen LABek.

Langileen ohiko eskakizunei borroka feminista gehitu zuten sindikatuek Maiatzaren Lehenengoaren mobilizazioetan. Lanaren prekarietatea, aberastasunaren banaketa, pentsio duinak eta murrizketak izan ziren aldarrikapen nagusiak.

Sindikatuek Maiatzaren Lehenengoan langileen aldarrikapenak kalera atera zituzten. Ohiko aldarrikapen eta eskakizunei borroka feminista gehitu zioten. Bandera moreak atera zituzten aurtengo Langileen egunean martxoaren 8ko grebaren oihartzuna luzatzeko asmoz. Iruñeko “La Manadaren” epaiketaren kritikak izan ziren ere nagusi. Pentsiodunak azken asteetan egin dituzten mobilizazioekin bat egin zuten ere sindikatuek, pentsio duinak eskatuz. Gainera, lan munduaren prekarietatea, murrizketak eta aberastasunaren banaketa izan ziren oihukatutako beste eskakizunetako batzuk.

Nafarroan LAB eta ELA sindikatuak bakarrik joan ziren manifestazioan; CCOO eta UGT batera joan ziren, baita CGT, CNT, STEILAS eta Solidari elkarrekin joan ziren ere. LAB sindikatuak Altsasun manifestazioa egin zuen.
 
LAB
Altsasun manifestazioa egin zuen LABek. Beste hainbat herrietan bezala "Lan, bizi, herri duina" lelopean manifestatu ziren. Altsasuko auziperatuak gogoan izan zituen LAB sindikatuak Maiatzaren Lehenengoaren Altsasun egindako mobilizazioan. Justiziaz hitz egin zuten: "herriaren lanari esker egiten ari da justizia, eta estatua da erregimen antidemokratiko bezala kondenatua izango dena".
Kataluniari keinua egin zion LABek ere. 155. artikulua nafarroan "aspaldi" ezarrita dagoela kritikatu zuen sindikatuak, izan ere, hemeretzi lege errekurrituta dituztela eta berreskuratutako dirua ezin dutela arlo sozialean erabili salatu zuen.

Langileen eguna baliatu zuen LABek ere Kanbora begiratzeko eta ETAren "ziklo amaieran" EAJk izan duen jarrera kritikatzeko: "Madril Kanbo baino gertuago dauka EAJk". PPrekin sinatutako akordioa salatu du sindikatuak, "gezurra da pentsioen arazoa konpondu denik".  Hortaz, Nafarroarentzat estatus politiko propioa eskatu du sindikatuak. "Erabakitzeko eskubidea izan behar dugu".

ELA
"Pobreziari gerra" izan zen ELA sindikatuaren oihu Maiatzaren Lehenengoan. Gizarte desberdintasunak areagotu direla kritikatu zuen. ELAk nabarmendu du ziklo aldaketa adierazten duten zantzuak badirela, eta, bereziki, hiru albiste "pozgarri" aipatu zituen: Mugimendu feministak martxoaren 8an egindako greba, pentsiodunen martxak eta borroka sindikala goraipatu zituen: "sindikalismoa bizirik dago". Bereziki mugimendu feministak izan duen garrantzia eskertu zuen ELAk.

EAJren eta PPren arteko akordioak kritikatu zuen sindikatuak ere: "EAJ beharrezkoa da PPretzat eta PP beharrezkoa da EAJrentzat".

UGT eta CCOO
Iruñean egin zuten manifestazioa, sindikatuen egoitzan hasi eta enpresaburu elkartearen egoitzan amaitu zuten mobilizazioa. Krisia gaitzetsi zuen UGTk eta "neoliberalisoaren aldarean" langileak sakrifikatu dituela kritikatu zuen. Greba orokorraren aukera plazaratu zuen. CCOOk "kendu digutena berreskuratzeko garaia" dela esan zuen. PP eta EAJrentzat mezua zeukan sindikatuak: "pentsioak ez dira trukerako txapona". Nafarroan gizarte elkarrizketek atzera egin dutela salatu zuen.

ESK, STEILAS, CGT
Batera joan ziren Iruñeko manifestazioan eta borrokarako grina berpizten ari dela aldarrikatu zuten pentsio duinen mobilizazioak eta emakumeen mugimenduak hartutako oihartzunean oinarrituz.
Pentsiodunen martxak eta emakumeen mugimenduak adibide izan dira