Jubilatuak deialdia bateratua prestatzen

Guaixe 2018ko mai. 5a, 09:28

Pentsio duinen aldeko mugimenduak Sakanan hilaren 26an izanen da, mobilizazio handiarekin

Sakanako jubilatuen erakundeak, Sasoiak, Pentsionistak Martxan eta Otsailak 22 plataformak elkarrekin ibarrean mobilizazio handi bat antolatzeko ideia dute eta hori prestatzeko aurreneko harremanak izan dituzte. Hiruen asmoa da euren arteko adostasuna gerora beste kolektiboetara zabaltzea. Horregatik, emakumezkoen, ikasleen eta beste kolektiboekin aurrerago bilerak egitea ez dute baztertzen. Argi baitute haien "borroka jendarte guztiarena" dela, "gaur gu gara, bihar besteen txanda da".

Estatuan larunbaterako eta hilaren 26rako jubilatu elkarteen mobilizazioak daude. Gutxieneko pentsioa 1.080 eurokoa izan behar duela eskatzen dute. Aldi berean, Nafarroarako pentsio sistema propio duina aldarrikatzen dute jubilatuen elkarteek.

Pentsio duinen eskaerari eusten diote hiru erakundeek. Bitartean, astelehenero, 19:30ean, Altsasuko udaletxe parean kontzentratzera deitu dute Pentsionistak Martxanek eta Otsailak 22 plataformak. Sasoiak, bestalde, maiatzaren 15ean, 11:00etan, Irurtzungo azokan jarri du hitzordua eta gauza bera egin du garagarrilaren 4rako Etxarri Aranatzen.