Inasa lantegia zena industrialde bihurtzen ari da pixkanaka. Dagoeneko sei enpresek pabilioia erosi edo alokatu dute bertan. Haietako hiru bertakoak dira: Izurdiagako Saprem eta Irurtzungo Manfisa eta Sapa. Aurreneko biak "euren enpresa proiektua egonkortuko dute horrela, espazio falta arazo handia baitzen haiendako". Aitor Larraza Carrera Irurtzungo alkatearen azalpenak dira.
Euren jarduna handituko duten beste hiru enpresa ezarriko dira industrialde berrian: Plazaola garraio enpresa, Puertas Dile eta oraingoz aipatu ezin den beste bat. Nasuvinsa enpresa publikoko kudeatzaile Jose Mari Aierdik apirilaren 13an jakinarazi zuenez, ateak egiten dituen Irungo enpresak 30 lanpostu sortuko ditu. Aierdik gaineratu zuenez, krisialdiaren aurretik enpresek 4.000 eta 5.000 m2 arteko pabilioiak eskatzen zituzten eta gaur egun 25.000 m2-koak dira.
Larrazak jakinarazi digunez, sei enpresa horiek industrialdearen % 65 beteko dute. Falta den zatiaren komertzializazioa Nasuvinsa egiten segituko du, beti ere, Arakilgo eta Irurtzungo udalekin harremanetan dela.
Inasa zena eta ingurua 145.000 m2-ko industrialde bihurtzeko lanak aurrera doaz. Urbanizazioaren fasea 2017 urtearekin despeditu zen eta ilbeltzaren erdialdean azken hiru faseetako lanak hasi zituen Apezetxea eraikuntza enpresak. Lanak despeditzeko urte erdia du. "Horiek despedituta industrialde barruko kale guztiak eginak geldituko dira" azaldu digu Larrazak. Eta aurreratu digu aurki enpresa gehiago sartuko direla industrialdean.
Bulego eraikina
Nasuvinsak Inasa ohia eskuratzeko prozesua bideragarri egiteko Irurtzungo Udalak urbanizazioaren % 10 jasotzeari uko egin zion eta horren ordez bulego eraikina bereganatu zuen udalak. Larrazak hasieratik jakinarazi zuen udalaren asmoa: eraikinean "prestakuntzari begira zerbait egin nahi dugu". Nafar Lansareren prestakuntza saioak hartzeko aukera aipatu zuen 2016ko lastailaren 14an.
Asmo horri eusten dio udalak eta, apirilaren 27an, Nasuvinsarekin hitzarmena sinatu ondoren, Inasako bulego eraikinaren jabe izatera pasa da udala. Larrazak esan digunez, dagoeneko Sakanako Garapen Agentziarekin harremanetan jarri da. Bi erakundeen artean udal eraikin berriak zer prestakuntza mota hartu dezakeen aztertzen hasi berri dira eta, oraingoz, ezin da ezer zehaztu.