Gure Esku Dagok antolatuta hilaren 19an, Nafarroako armarria irudikatzen duen mosaiko koloretsu bat eginen da Iruñeko Gaztelu plazan,"nafarron burujabetza nahia sinbolizatzeko asmoz". Ekimenak EtorkiZUna nafarrok esku leloa du. Jendea elastiko eta zapi gorriak jantzita joan beharko du, eta elkarri lotuz, armarriaren kateak marraztuko dute plazaren lurrean. Antolatzaileek azaldu dutenez, "mosaikoaren antolaketa errazteko beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea". Dohainik da izen ematea.
Hori guztia azaltzeko aurkezpenak eginen dituzte gaur Gure Esku Dagoko bi taldek. Lakuntzakoak, 18:30ean, eta Ziordikoak, 20:00etan, biak ere udaletxean. Giza armarriari buruzko informazioarekin batera mosaiko egunerako elastiko eta zapi gorriak eskuratzeko aukera izanen da. Bakaikun pasa den astean egin zuten aurkezpena Gure Esku Dagokoek. Bihar erabakitze eskubidearen aldeko pintxo-potea eginen dute. Horrekin batera materiala saldu eta giza-armarrian parte hartu nahi dutenen izenak jasoko dituzte.