Bizi dantza Dantzari Txiki eguna ospatuko da igandean. Nafarroa Oinez 2018k antolatu du bilkura, eta sei dantza talde ariko dira: Lakuntzako Elai-Alai, Uharte-Arakilgo Galtzorratz, Irurtzungo Orritz, Altsasuko Etorkizuna, Urretxuko Lurra eta Berako Gure Txokoa.
Dantza taldeek 12:00etan hasiko dute festa Ziordian, Olatzagutian eta Urdiainen. Herriko kaleetatik kalejiran ariko dira, eta, ondoren, herrietako plazetan emanaldi txikia eginen dute. Altsasun, aldiz, herriko txoko ezberdinetan eginen dituzte emanaldiak.
Dantzari Txiki egunean parte hartuko duten dantza talde guztiak Altsasuko Iortia zabalgunean bilduko dira 14:00etan. Ondoren, Foru plazan dantza-plaza emanaldia eginen dute Altsasuko Musika Eskolako fanfarrearen musikaz lagunduta. Eguna bazkari batean amaituko dute.
Ziordian Lakuntzako Elai-Alai taldea izanen da, Olatzagutian Uharte Arakilgo Galtzorratz taldea, Altsasun Etorkizuna, Urretxuko Lurra eta Berako Gure Txokoa dantza taldeak ariko dira eta Urdiainen Irurtzungo Orritz dantza taldea.