Oscar Guerreroren ICA, Italiako Giroan

Guaixe 2018ko mai. 7a, 09:15

Israel Txirrindularitza Akademia taldeko zuzendaria da altsasuarra

Ostiralean hasi zen Italiako Giroa, Jerusalemen. Giroko lehen hiru etapak Israelen jokatu dira. Izan ere, aipatu estatuak bere burua mundu mailan saltzeko baliatu du Giroa eta baita txirrindularitza sustatzeko ere. Eta txirrindularitza sustatzeko esfortzu horretan jaio zen Israel Txirrindularitza Akademia (ICA). Aurreko urtean Kontinental Profesional mailara egin zuen jauzi ICAk eta orduan Oscar Guerrero altsasuarra kontratatu zuten zuzendari. Berria egunkarian adierazpenak egin ditu zuzendari altsasuarrak.

ICA taldearen jarduna Gironan dago zentralizatua. Guerrerok aipatu du “oso gustura eta eroso” dabilela, “lanean askatasuna” ematen diotelako. “Denboraren poderioz gorenera iritsi den jende gaztearekin asko lan egina naiz, eta taldeko arduradunek balio handia eman zioten horri. Gustura nabil, gazteekin nahi bezala ari naiz egiten” onartu du Guerrerok. Zuzendari altsasuarrak gaineratu duenez, ba omen dira maila txukuneko txirrindulariak Israelen, baina arazoa kopuruan dago.

Israel Txirrindularitza Akademiaren helburua txirrindularitzarako zaletasuna piztea da, eta horretarako lagungarria izango da aurtengo Giroa Israelen hastea eta ICAk Giroan parte hartzea. Horretarako, taldea asko hazi da. Bikoiztu egin du aurrekontua –16 txirrindularietatik 24ra– eta fitxaketak egin ditu. Oscar Guerrerok adierazi duenez, aldaketekin taldeak World Tour mailako azpiegitura du.  “Giroan izateko aukera ez genuen galdu nahi, eta urrats handia egin dugu”. Jakina, ilusioa ere ez zaie falta.

Taldea handitzeko ezinbestekoa izan da proiektua sustengatzen duten bi mezenasen ahalegin ekonomikoa. “Aurrekontuaren %95 jartzen dute eta apustu handia egin dute” azpimarratu du. Israelen lan egiteak zalantzan sortzen ote dizkion galdetuta, Guerrerok ezetz dio, sekula ez duela nahastu kirola politikarekin. “Gainera, hau ez da gobernuaren proiektua, finantzaketa pribatua duen taldea baizik. 24 herrialde ezberdinetako jendea gaude taldean, denetarikoa” azpimarratu du. Taldearen hurrengo urratsa World Tourrera igotzea da.

Giroa
Giroari dagokionez, despeditu dira Israelen jokatzekoak ziren aurreko etapa eta lehenengo bi etapak. Israel taldekoak ihesaldietan sartuta egon dira. Nolanahi ere, sailkapen orokorrean BMC taldeko Rohan Dennis da liderra, segundo batera Sunweb taldeko Tom Dumoulin eta 13 segundora Katusha taldeko Jose Gonçalves dituela. Gaur atseden hartuko du Giroak, Siciliarainoko lekualdatzea antolatzeko.