Nafarroa eta Iparralde, GRAVNI-ko txapeldunak

Guaixe 2018ko mai. 7a, 11:47

Nafarroak ezker paretako txapelketa irabazi du eta Iparraldek trinketekoa

Asteburuan Gipuzkoa, Errioxa, Araba, Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko federazioen arteko GRAVNI txapelketako finalak jokatu dira Gasteizen. Afizionatuetan puntako txapelketa da GRAVNI, eta bi ataletan: 36 metroko ezker paretako frontoian eta trinketean.

Ongay txapelduna
Nafarroak ezker paretako frontoiko txapelketa irabazi du. Jokoan zeuden 31 finaletatik 19 jokatu zituen Nafarroak, eta horietatik 12 irabazi zituen. 111 puntu lortu ditu Nafarroak. Gipuzkoa izan da txapeldunordea, jokatutako 14 finaletatik 5 irabazita. Tartean, Nagusien mailako Buruz Buruko finalean Alberto Ongay satrustegiarrak 18 eta 22 irabazi dio Gipuzkoako Sanchori.

Trinketean, aldiz, Iparralde izan da txapeldun handia. Trinketean jokatu ziren 17 finaletatik 10 jokatu zituen Iparraldek eta horietatik 8 irabazi zituen eta 66 punturekin, txapelduna da. Nafarroako selekzioak 6 final jokatu zituen eta horietatik 2 irabazi zituen (58 puntu) eta trinketeko txapeldunordea izan da. Tartean, trinketeko paleta argentinarreko emakumezkoen maila nagusiko finalean, Arabako Martinek eta Saezek 30 eta 14 irabazi zieten Nafarroako Etxarriri eta Zamorari.