Maiza eta Mutiloa zazpigarrenak Elomendi Xtremen

Guaixe 2018ko mai. 7a, 13:39

Proba luzean Joxeja Maiza zazpigarrena sartu zen eta Erkuden San Martin laugarren emakumea izan zen. Proba laburrean Mutiloa zazpigarrena sailkatu zen

Igandean X. Elomendi Xtreme lasterketa jokatu zen, maratoi erdia (22 km). Tartean Elomendi Gaztelua eta xenda ikusgarriak igo behar izan zituzten proba eder eta ikusgarria osatu zuten 113 korrikalariek, eguzkia eta beroa lagun. 20 graduko tenperatura izan zuten. Iñaki Mihura arraioztarra (2:01:51) eta Uxue Murolas iruindarra (2:40:10) izan ziren txapeldunak. Joxeja Maiza etxarriarra zazpigarrena sartu zen (2:16:03) eta Erkuden San Martin etxarriarra proba absolutuan 80.a sartu zen (3:13:03), emakumezkoen sailkapenean laugarrena.

Harekin batera X. Elomendi Xtreme proba motza jokatu zen (14 km). 77 korrikalari sailkatu ziren, Alberto Azparren (1:03:34) eta Irene Artazkoz (1:24:41) buru zirela. David Mutiloa irurtzundarra zazpigarrena sartu zen (1:11:42).

Sakandarrak Segura-Zerain Trailean
Egun bat lehenago III. Segura-Zerain Traila jokatu zen, proba luzea (25 km) eta motza edo esprinta (15,5 km). Proba motza Unai Santamaria hernaniarrak irabazi zuen (1:08:36), 177 korrikalariren artean. Jabi Gasanz altsasuarra 14.a sartu zen (1:18:00), Iñaki Rubio lakuntzarra 27.a (1:25:35) eta Jokin Bereziartu altsasuarra 50.a (1:37:08).