Lagun Arteak eta Etxarrik berdindu egin zuten derbian eta mailari eustea konplikatu zaie

Guaixe 2018ko mai. 7a, 14:31

Preferente maila. 29. jardunaldia: Lagun Artea 0 – Etxarri Aranatz 0

Lagun Artearen eta Etxarriren arteko derbia preferente mailari eusteko borrokan partida nahiko traumatikoa izan zen bi taldeendako. Lagun Arteak jokoan zeuden 3 puntuak lortzea beharrezkoa zuen, mailari eusteko borrokan bere buruaren jabe izateko. Eta Etxarri antzeko. Bigarren zatian Lagun Arteak hartu zuen partidaren ardura, baina lakuntzarrek ez zuten euren nagusitasuna aprobetxatzen jakin eta ez zuten lortu izan zituzten gol aukerak gauzatzea. Eta husnako berdinketarekin eta puntu banaketarekin despeditu zen sakandarren arteko derbi arraroa.

Mailari eustea dute jokoan
Infanzones da preferente mailako lehen multzoko liderra (60 puntu) eta taldeak mailaz igotzea lortu du, lehen maila autonomikora. Etxarri Aranatz 12.a da (30 puntu) eta Lagun Artea 13-a (29 puntu). Beheko postuetan daude Etxarri eta Lagun Artea, jaitsiera postuetatik soilik bi eta puntu batera. Asteburuan azkeneko jardunaldia jokatuko da. Etxarri Aranatzek Aibares hartuko du eta Artajonesen kontra ariko da Lagun Artea. Sakanako taldeak irabaztera derrigortuak daude eta haien azpian dauden Ardoi B-k (28 puntu), San Andresek (25 puntu) eta Urroztarrak (22 puntu) zer egiten duten itxarotera.