Izpegiko Igoera: Palacios laugarrena, Lopez bederatzigarrena eta Mendinueta hamabigarrena

Guaixe 2018ko mai. 10a, 15:52

Sakana Motorsport taldeko pilotu sakandarrak bikain ibili dira Nafarroako Mendi Igoerako baliagarria den lehen proban, Erratzun. Bestalde, Ausejoko Lur Gaineko Rallysprintean Fernandez eta Askargorta 14.ak sailkatu ziren

Larunbatean Nafarroako Mendi Igoeren Txapelketako baliagarria den lehen proba jokatu zen Baztanen, Erratzun, I. Izpegiko Igoera. Proba berria zen, 5,2 kilometroko igoera ederra, pilotuen artean ikusmin handia sortu zuena. 41 pilotu lehiatu ziren eta horietatik 31 gidarik lortu zuten igoera bukatzea, Asier Bidaburu (RF10B) buru zela (3:29 minutu). Pilotu sakandarrak oso ongi ibili ziren. Iker Palacios lakuntzarra (BRC 05 Evo) laugarrena sailkatu zen (3:38 minutu), bere mailan, CM mailan, bigarrena. Bestalde, Iban Lopez de Goikoetxea (Renault 5 GTT) bederatzigarrena sailaktu zen proba absolutuan (3:50 minutu) eta bigarrena izan zen bere mailan, F2 mailan. Eta, bukatzeko, Mikel Mendinueta arbizuarra (Peugeot 205 GTI) hamabigarrena sailkatu zen (4:00 minutu), bere mailan, Klase 3 mailan, lehena.

Ausejoko Lur Gaineko Rallysprinta
Egun berean Nafarroako Lur Gaineko Rally Txapelketarako baliagarria zen lehen proba puntuagarria jokatu zen Errioxan, X. Ausejo Hiria Lur Gainekoa. 41 auto lehiatu ziren eta Manuel Manzanillak (Peugeot 208 R2) irabazi zuen (24:57 minutu). Aitor Fernandez pilotu eta Iker Askargorta kopilotu olaztiarrek (Seat Ibiza 2.0 16v) lan ona egin zuten eta sailkapen orokorrean hamalaugarrenak izan ziren, bere mailan, 2RM mailan, zortzigarrenak.

Larunbat honetan emango zaio hasiera Nafarroako Rally Txapelketari, larunbatean Errioxan jokatuko den Sonserrano-Ardoaren Ibilbidea Rallysprintarekin.