Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa Iruritan erabakiko da

Guaixe 2018ko mai. 10a, 13:42

Larunbatean, 17:00etan, Iruritako pilotalekuan erabakiko dira txapelak. Kadeteetan Iñigo Aritza bigarrena doa eta Andra Mari laugarrena

Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketa aurrera doa. Maiatzaren 5ean txapelketako 3. jardunaldia jokatu zen Antsoainen. Gizonezkoen 300 kiloko Txapelketako lehen jarduna, 20 urtez azpikoen 280 kiloko 3. jardunaldia, emakumezkoen 235 kiloko lehen jardunaldia eta kadeteen 280 kiloko 3.jardunaldia izan ziren Antsoainen jokatu zirenak.

Kadeteen Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketako 3. jardunaldian bost talde lehiatu ziren, tartean Sakanako Iñigo Aritza eta Andra Mari ikastolak. Orain arte jokatutako hiru jardunaldiak kontuan hartuta, Basaburua da talderik onena (15 puntu), Iñigo Aritza (12 puntu) eta Berriozar (7,5 puntu) taldeen aurretik. Andra Mari laugarrena da (6 puntu) eta Anar bosgarrena (4,5 puntu).

Nafarroako Lauko Sokatira Txapelketako 4. eta azken jardunaldia larunbatean jokatuko da, 17:00etan, Iruritako pilotalekuan.