Kontu sakonak darabilzkigu azken aldi honetan buruan. Sakontasun horri zama kentzearren irakurketa arin, erraz eta alai batera jo nahi nuen. Orri haien artean ezagutu nuen bera, MA-RI-A
Irrifarre itsaskorra duen neska da, oso umore berezia duena eta ñabardura gisa, autismoa dauka. Adi! Ez dugu esanen autista denik, autismoa daukala baizik.
Istorio honetan, Maria eta bere aita den Miguelek Kanarietan pasatako opor-bidaia kontatzen da. Alabak mundua nola sentitzen duen erakusten digu Miguelek maisuki: zer gustatzen zaion, zer ez; zerk sentiarazten dion ongi eta zerk beldurtu... Denok hain argi bagenitu gure sentipenak... Maria eta irakurlearen arteko zubia bihurtzen da autorea. Aldi berean, aita beraren emozio eta bizipenak tartekatzen dira, modu baikor eta umoretsuan kontaturik. Gogoangarria bere lehengusina "itsusiari" eskainitako egi borobilak hegazkinean doazela. Hor besteon rola sartzen da: ulerkorrak, kuxkuxeroak, ezagutzen ez dugunaren aurrean beldurtiak...
Trazu zintzo eta detailez beteriko irudien bitartez, bi protagonistek bizitako emozioak marraztu ditu autoreak, gorria eta beltza erabiliz, indarra agerian uzten du gorriak, Mariaren egien indarra, hain zuzen ere.
Liburu hau, zirrarak sortaraziko dizkizun bidai gozagarri bat da, guztientzako gomendagarria, irakurleari ariketa sakon bat eskaintzen diona. Bi pertsonaiek dute berea; Zer ote da autismoa izatea? Eta are gehiago, zer ote da autismoa duen norbaiten kargu egitea? Enpatia bertatik bizi ahal izateko egoera.
Denontzat ikaskizun eta ikuskizun (F.F. Castrok 2010ean dokumentala zuzendu zuen) ederra ematen digu "Maria eta biok" lanak. Neskak argi du nor den: MA-RI-A.
Argi izan dezagun besteok ea Maria eta biok, eta hirurok, eta gehienok ...izateko konpromisoa hartu nahi dugun. EA...E(npatia)A