Euskaraz bizitzeko, Euskal Herri euskaldun burujabea

Saats Karasatorre Martinez Haizea Ramirez de Alda Pozueta Sakanako Euskal Herrian Euskaraz-en izenean. 2018ko mai. 11a, 08:17

irurtzun greziara karabana bilaketarekin bat datozen irudiak

Euskal Herria berreuskalduntzea da euskaltzaleon lanaren iparra. Herri gisa eskubidea dugu hori lortzeko. Baina, era berean, hori da euskal herritarron borondate nagusia. Borondate demokratiko eta guztiz zilegia. Hori erdiesteko euskararen berreskurapena eta normalizazioa azkartu eta bururaino eraman behar dugu jendartearen eremu guztietan: Euskararen ezagutza unibertsalizatu behar dugu; Eremu guztietan euskararen erabilera orokortzeko planak indarrean jarri behar ditugu; Egitasmo estrategiko horretarako mota guztietako bitarteko nahikoak esleitu behar dizkiogu; lege-onarpen egokia indarrean jarri behar dugu. Euskara berezko hizkuntza, ofiziala, lehentasunezkoa eta ezagutu beharrekoa izendatzetik hasita.

Baina hori guztia bere osotasunean garatu ahal izateko ezinbesteko faktore bat dago: burujabetza. Burujabetza Euskal Herriko biztanleok zer nolako hizkuntza-politika garatu nahi dugun erabaki eta indarrean jarri ahal izateko. Burujabetza hizkuntza-eskubideak bermatu ahal izateko. Burujabetza inolako mugarik gabe euskaraz bizi ahal izateko. Burujabetza Euskal Herriaren berreuskalduntzea azkartu eta bururaino eraman ahal izateko. Burujabetza kolektiboa herri gisa eta burujabetza indibiduala euskaldun aktibo gisa.

Zoritxarrez, historiak zein azken garaian erakutsitako jarrerek argi adierazten digute espainiar eta frantziar estatuak ez daudela prest hala edo hola euskal herritarroi hizkuntzaren gaineko burujabetza osoa emateko. Beraz, horri aurre egiteko euskaltzaleok ez dugu beste irtenbiderik: ahalduntzea eta desobedientzia. Hasteko, euskaraz bizitzea da euskaldunok egin dezakegun lehen desobedientzia-ekintza. Horrekin batera, euskararen borroka herriz herri eta auzoz auzo biderkatzea ezinbestekoa da.

Norabide horretan, bi hitzordutara gonbidatzen zaituztegu: maiatzaren 11an, ostirala, “Euskara eta burujabetza” hitzaldia izango dugu, 19:00etan Altsasuko Gure Etxean. Bestalde, ekainaren 9an “Dena aldatzeko, ongi bizitzeko, burujabe” jardunaldien bukaerako eguna izango da Altsasun.

Euskarari eta euskal herritarroi ezartzen zaizkigun mugak gainditu eta euskararen normalizazioan jauzi egiteko burujabetza eskuratzera goaz!