Dagoeneko Sakanako bederatzi herrik eman dute izena Euskaraldian parte hartzeko. Herenegun Lakuntzan egin zen bileran Arakilek eta Altsasuk izena emanen zutela jakinarazi zuten. Arakil 12 herri osatuta egotean Euskaraldia garatzea erronka berezia izanen da. Hala ere, argi dute herri horiek Irurtzunekin harreman berezia dutela. Beraz, elkarrekin ekitaldiak antolatzeko asmoa ere badute. Hasteko, euskaltzale irurtzundarrak eta arakildarrak maiatzaren 24an eginen den prestakuntza saiora deituta daude.
Altsasuren erronka ere aparta da. Ibarreko herri handiena izateaz aparte, auziak eta Nafarroa Oinezek urteko dinamika guztia markatu dute. Hala ere, gogotsu heldu diote Euskaraldiari eta maiatza despeditu aurretik prestakuntza saioa antolatuko dute interesa duten guztiek ekimenaren berri jaso dezaten. Bide batez, Topaguneko Larraitz Amadoz Lazkanok izena eman ez duten herriei hala egin dezaten animatu ditu. Horretarako, www.euskaraldia.eus web orrian sartzea besterik ez da behar.
Ibarreko bederatzi herrietako euskaltzaleak asteazkenean Lakuntzan eta bihar Iruñean izanen diren prestakuntza saioetan ariko dira Euskaraldiaren Sakanako sustatzaileak.
Zer da Euskaraldia?
Ekimen horrek euskararen erabilerari bultzada eman nahi dio. Horretarako, izena ematen duten herrietako biztanleek 11 egun euskaraz proposamenean parte hartzeko aukera izanen dute. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen da Euskaraldia.
Nola? Izena ematen duten pertsonek bi aukera izanen dute. Alde batetik, Aho biziak daude. Horiek euskaraz hitz eginen diote ulertzen duten guztiei. Edonon, edonoiz eta ulertzen duen edonorekin arituko zara euskaraz. Ezagutzen ez dituztenei lehen hitza euskaraz eginen diote, eta ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere. Horrela, orain arte euskaraz izan dituzten elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo ele biz izatea ere lortuko du.
Bestetik, Belarriprestak daude. Euskaraz dakiten guztiei beraiei euskaraz egiteko gonbidapena eginen diete. Euskara ulertzen dutela adierazi eta berarekin euskaraz hitz egin dezatela eskatuko diete. Pertsona horiek, ezagutzaren edo trebetasunaren arabera, euskaraz edo erdaraz erantzunen dute, baina berari euskaraz egiteko eskatuko dute. Horrela, orain arte euskaraz izan dituzten elkarrizketek euskarazkoak izaten jarraituko dute, baina orain arte erdaraz izandako elkarrizketa batzuk euskaraz edo ele biz izatea ere lortuko du. Bai batzuei bai besteei jarrera aktiboa izatea eskatuko die Euskaraldiak.