Ezkurdiaren akatsek eman diote garaipena Altuna III.ari

Guaixe 2018ko mai. 14a, 09:29

Buruz Buruko finalerdi estuan, 6 eta 13 galtzetik 17 eta 15era aurreratzea lortu zuen arbizuarrak, baina akats nabarmenek airea eman zioten Altunari eta gipuzkoarra sailkatu zen finalerako

Ia eskuan izanda, Buruz Buruko finalak ihes egin zion Joseba Ezkurdiari. Eta bere akatsengatik, gainera. 17 eta 15 aurreratua zihoala sotamanoz jotako bi-paretetan egindako akatsak sententziatu zuen arbizuarra, horrek sekulako airea eman baitzion tarte horretarako nahiko justu zegoen Altunari. Finala ia eskuan, azkenean arbizuarrak finalerdietan agur esan behar izan dio txapelketari. Horrela, Altuna III.ak eta Olaizola II.ak jokatuko dute Buruz Buruko finala, maiatzaren 27an, Bilbon.

Lehiatua eta gogorra izan zen Ezkurdiak eta Altuna III.ak Bilbon jokatutako Buruz Buruko finalerdia. Dirua parean atera zen eta hasieran Altunak ederki endredatu zuen Ezkurdia eta amezketarrak errenta ederra lortu zuen, 6 eta 13; aurre aurrean jokatu zuen, sakeekin min handia egin zuen eta tanto ikusgarriak egin zituen. Baina Ezkurdia buelta eman zion egoerari; Altuna bere erosotasun eremutik atera zuen, tantoak atzera bidaltzen hasi zen, gero eta indartsuagoak, eta Altunari mina egiten hasi zen, tanto luze eta gogorrekin. Horrela, sekulako erremontada lortu zuen, 17 eta 15 aurreratzeraino. Eta hain zuzen ere, hor gertatu zen partida goitik behera baldintzatu zuen tantoa. Tanto ikusgarrian eta guztia alde zuenean, Ezkurdiak gehiegi arriskatu zuen eta sotamanoz egindako bi-paretetakoa gaizki atera zitzaion. Ia sinistu ezinik geratu zen aurrelari arbizuarra eta bere botileroak, Irujok, errieta egin zion. Ordurako Altuna indarrez nahiko justu zegoen, nekatuta, eta sakea berreskuratzeak sekulako airea eman zion. Horrela, amezketarrak hiru tanto egin zituen sakez segidan; Ezkurdiak ez zuen behar bezala kalkulatu hiru sake horiek erantzuterakoan, eta, horretaz gain, txapa azpira bidali zuen bere alde zuen pilota bat. Une erabakiorrean, ez zuen asmatu, barkatu zuen. Horrela, Altuna III.a  22ra joan zen zuzenean, eta, azkenean, 17 eta 22 irabazi zuen.

Partida bukaeran ia sinistu ezinik, oso penatuta zegoen Ezkurdia. 17 eta 15 aurreratuta zegoenean sotamanoz jotako bi-paretetakoak huts egin izanak min asko eman ziola aitortu zuen. “Buelta asko eman behar dizkiot horri” aipatu zuen. Irujok “txorakeriarik ez egiteko” esan ziola onartu zuen eta triste zegoen arbizuarra. Aldiz, txanponaren beste aldean zegoen Altuna III.a. “Oso nekatuta bukatu dut partida, baina hau sekulakoa da, handia, eta Aimarren kontra arituko naizelako sekulako ilusioa daukat” aitortu zuen. Maiatzaren 27an jokatuko dute finala 39 urteko beteranoak eta 22 urteko debutanteak, Bilbon. Belaunaldien arteko lehia estua izango da.