Azaroaren 23tik abenduaren 3ra eginen da Euskaraldia. Euskararen erabilera bultzada eman nahi dion ekimena da. Hura prestatzeko Nafarroako 25 bat herritako 75 pertsona elkartu ziren Iruñean, Euskaraldiari buruz egindako lanketa berezian. Parte-hartzaileen artean Lakuntzako, Bakaikuko eta Altsasuko taldeetako ordezkariak izan ziren.
Euskaltzaleen Topaguneak antolatutako mintegia izan zen larunbatekoa. Euskaraldiaren inguruko lanketa berezia egin zuten parte-hartzaileek. Deialdira batzordeetako kideak, euskara teknikariak, eta baita herrietako hautetsiak ere joan ziren. Pello Jauregi adituak Ahobizi eta Belarriprest figuren garrantziaz hitz egin zuen, eta Euskaraldiak, hamaika egun euskaraz proposatzen duen ariketaren inguruko oinarri teorikoak azaldu zituen. Ondoren, taldeka, parte-hartzaileek euren taldeen dinamikaz hitz egin zuten taldeka. Hala ideia-uzta kolektiboa jaso zuten, batzuendako eta besteendako onuragarria izan daitekeena. Euskaraldia eskualdeka eta baita Nafarroa mailan saretzeko nolako koordinazioa beharko litzatekeen ere izan zuten hizketa gai.