Amaia Razkin Irati Traileko txapelduna

Guaixe 2018ko mai. 14a, 15:26

Otsagin jokatutako Irati Trailean (23 km) gizonezkoetan Javier Lizarraga eta emakumezkoetan Amaia Razkin uhartearra gailendu ziren

Sakandarrak Irati Trailean (23,5 km)
1.Javier Lizarraga:    2:17:06
5.Joxeja Maiza (Etx):    2:22:01
29.Amaia Razkin (Uhar).     2:44:10
45.Ibon Alegria (Lak):    2:55:53
56. Juan D. Lakuntza (Etx):3:03:25
72.Javier Gonzalo (Uhar):    3:15:10

Sakandarrak VIII. Erlaitz–Aiako Harria Mendi Lasterketan (22 km)
1.Ander Iñarra:        1:49:40
18.Juanjo Goikoetxea (Uhar): 2:05:41
146.Eneko Lazkoz (Etx):    2:40:17
183.Maria Goikoetxea (Etx): 2:49:26

Igandean Irati Trail mendi lasterketa gogorra hartu zuen, 23, 5 kilometroko eta 1.300 metroko desnibela duen proba gogorra. Euriak berez gogorra den proba are gehiago gogortu zuen eta korrikalariek Iratiko oihaneko lokatza izan zuten arerioetako bat. Ibilbidean, lohiaz gain elurra, ura eta eguzkia ere izan zituzten bidaide irteera hartu zuten 260 korrikalariek. Gehienek, 166k, proba luzea osatu zuten, eta, 78 korrikalari inguruk 13 km-ko proba motza.

Proba luzean Javier Lizarraga izan zen azkarrena (2:17:06). Deierriko korrikalariak azaldu zuen proba nahiko azkar joan zela, proba laburra osatu zutenekin batera egin zituela hasierako 13 km-ak eta, ondoren, hartutako errenta ongi administratzen jakin zuela. 2 minutu eta 22 segundo atera zizkion Mikel Altadill bigarrenari. Bosgarrena Joxeja Maiza etxarriarra izan zen (2:22:01), probako lehen sakandarra. Eta aipatzekoa da probako hirugarren sakandarra eta emakumeetan lehena Amaia Razkin izan zela (2:44:10). Uharte Arakildarra 29.a izan zen sailkapen orokorrean.

Goikoetxea 18.a Erlaitz-Aiako Harrian
Egun berean Erlaitz-Aiako Harria Mendi Lasterketa jokatu zen Irunen, 22 km-ko proba. 240 korrikalarik osatu zuten proba, Ander Iñarra lezotarra (1:49:40) eta Alicia Olazabal beterano irundarra (2:19:44) buru zirela. Juanjo Goikoetxea uhartearra lehendabiziko sakandarra izan zen, helmugan 18.a (2:05:41).