Etxarri eta Lagun Artea, preferenteari eusteko beste emaitzen zain

Guaixe 2018ko mai. 15a, 13:01

Preferente maila. 30. jardunaldia, azkena: Etxarri Aranatz 3 – Aibares 2 / Artajones 2 – Lagun Artea 3. Mailari eutsiko dioten jakiteko beste mailetako emaitzen zain daude gure taldeak

Bukatu da 2017/2018 denboraldiko preferente mailako liga. Asteburuan azkeneko jardunaldia jokatu zen, eta kategoriari eusteko borrokan, Etxarrik eta Lagun Arteak bere partidak irabazi behar zituzten nahita nahiez. Zorionez, halaxe izan zen.

San Donaton partida garrantzitsua zuen Etxarrik. Aibares taldearen kontra irabaztea ezinbestekoa zuten etxarriarrek. Hala ere, gauzak ez ziren ongi hasi, Oibarkoak aurreratu zirelako. Baina Etxarrik ongi erantzun zuen eta Aitorren eta Garaten golekin 2 eta 1-eko abantailarekin joan zen atsedenaldira. Bigarren zatian Garatek beste gol bat sartu zuen, Etxarriren hirugarrena, baina Aibaresekoek lehian jarraitu zuten eta beste gol bat lortu. Etxarrik gertu zuen Aibares eta, gainera, jokalari bat gutxiagorekin aritu behar izan zuen, baina, zorionez, 3 eta 2 irabazita 3 puntuak etxean geratu ziren.

Lagun Arteak ere garaipena behar-beharrezkoa zuen preferente mailari eutsi ahal izateko. Artaxoan jokatu zuten lakuntzarrek, Artajones taldearen kontra. Hasieran Artajones aritu zen hobe eta gola sartzea lortu zuten, baina Lagun Arteak ez zuen etsi eta Yonatanek berdindu egin zuen, Unaik Lagunen bigarren gola sartu zuen eta Yonatanek hirugarrena. Artajonesek bigarrena lortu zuen baina ez zuen gehiagorako denbora izan eta hiru puntuak Lakuntzara joan ziren, Lagun Arteako zaleen gozamenerako.

Esperoan
Gauzak horrela, Infanzonesek irabazi du preferente mailako I. Multzoko liga (63 puntu) eta maila autonomikora igo da. Etxarri Aranatz 12.a sailkatu da (33 puntu), Lagun Artea 13.a (32 puntu) eta jaitsiera postuetan geratu dira Ardoi B (31 puntu), San Andres (25 puntu) eta Urroztarra (22 puntu). Kontua da 2B mailan Izarrak zer egiten duten itxaron beharra dagoela, horrek azpiko mailetan eragina duelako, 3. mailako kanporaketetan gertatzen denarekin batera. Izan ere, Izarrak 2B mailari eusten badio, 3. mailan Corellanok mailari eutsiko dio, maila autonomikoko beste talde batek mailari eutsiko dio –oraindik ez da liga despeditu–, eta Etxarrik preferente mailari eutsiko dio. Eta, horretaz gain, Nafarroako beste talderen bat 2Bra igotzen bada, Lagun Arteak ere mailari eutsiko lioke. Baina hau guztia ez bada gauzatzen, mailaz jaitsiko lirateke gure taldeak. Hortaz, oraindik ezin dugu jakin gure bi taldeek, Etxarrik eta Lagun Arteak, preferenteari eutsiko dioten edo ez. Ekainean jakingo da, 2B eta 3. mailako kanporaketak jokatzen direnean. Zorterik handiena opa diegu gure taldeei.