Baratze eta lore garaian, konposta denon eskura

Guaixe 2018ko mai. 18a, 11:03
Konposta hartzen hondakindegian autoarekin. Argazkia: MANK.

Sakanako Mankomunitatearen Arbizuko hondakindegitik pasa daiteke. Etxeko 150 kilo eraman daitezke gehienez.

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Bilketako Zerbitzuak jasotako materia organikoarekin konposta egiten du. Konpost hori sakandar guztien eskura dago Mank-ek Arbizun duen hondakindegian. Esaterako, urteko lehen lau hilabeteetan 210 etxetatik 19.000 kilo konpost eraman dituzte dagoeneko.

Beñat Agirre Bengoetxea teknikariak azaldu digunez, konposta “kalitate onekoa” da eta “hainbat erabilera eman ahal zaizkio: baratzeko lurraren kalitatea hobetzeko, han dagoen lurrarekin nahastuz edo ongarri bezala ere erabili daiteke, baratzean bertan landatutakoaren hazkundea hobetzeko edo etxeko loreak ederragoak atera daitezen”.

Konposta jaso nahi dutenek hondakindegira astegunetan joan beharko dute, 08:00etatik 15:00etara. Hondakindegian zerbitzuak duen bulegora jo beharko du jasotzen duen etxearen izena apuntatuko baitute teknikariek. Horren ondoren 150 kilora arte hartu daiteke. Mank-etik aholkatu dute konposta hartu nahi dutenek etxetik 50 litroko hiru zaku eramatea. Agirrek esan duenez, “etxean materia organikoa banatzen hasitako zikloa Sakanan bertan ixten da, konposta hartuz”. Sakandarrak hondakindegitik lurra aberasteko materiala jasotzera gonbidatu ditu.