Tenis Altsasuk udako tenis campusa antolatu du

Guaixe 2018ko mai. 17a, 10:31
Tenis taldeko ikasleak. Artxiboa

Uztailaren 2tik 6ra, Aiegiko Iratxe kanpinean. Izena ematea zabalik dago igandera arte

Tenis Altsasuk eta Mugitu Abenturak tenis campusa antolatu dute, uztailaren 2tik 6ra, Aiegiko Iratxe kanpinean. Tenis entrenamenduak egiteaz gain, igerilekuetan, frontoian, ping-pongean eta txirrindulan ibiltzeko aukera izango dute izena ematen dutenekin, zinemaz gozatzeaz gain. Horretaz gain, Mugitu Abenturakoek ateraldiak, gynkhana, kayak eta eskalada irteerak eta beste antolatuko dituzte. “Abenturazalea zara? Kirola gustoko duzu? Etorri gurekin gozamenez beteriko astea disfrutatzera. Goizetan tenisa eta arratsaldetan kayak, eskalada, karting-a… denetatik izango dugu. Iratxe kanpinean bertan zerbitzu guztiak izango ditugu: otorduak, igerilekua… Astebete naturaz murgilduta, tenisa praktikatuz, lagunak eginez eta euskaraz biziz, uda lagunekin disfrutatzeko egonaldi paregabea!” adierazi digu Altsasuko tenis elkarteko monitore Iratxe Sorianok.

Adinari dagokionez, 7 eta 12 urte bitarteko neska-mutilek parte har dezakete eta izena ematea zabalik dago igandera arte, maiatzaren 20ra arte. Prezioa 350 eurokoa da. Informaziorako edo izena emateko ondoko telefonora deitu: 618 144 325 (Iratxe).