Irristalari sakandarrak ongi Espainiako Zirkuitu Txapelketan

Guaixe 2018ko mai. 17a, 12:39
Oier Ormazabal eta Iker Gomez, proba hastear.

Patin Sakana taldetik 6 irristalari aritu ziren, oso txukun. Bestalde, Barañaingo Lagunak klubean Anne Lapuente ziordiarra bosgarrena sailkatu zen 500 m sprintean

Asteburuan Espainiako Irristaketa Zirkuituko Txapelketa jokatu zen Iruñean, haurren eta jubenilen mailan eta kimuen mailako Espainiako Kopa. Larunbatean Zizurko Ardoi zirkuituan jokatu ziren probak eta igandean Antoniutti zirkuituan. Patin Sakana irristaketa taldetik Iratxe Lapuente, Oier Ormazabal, Iker Gomez, Maddi Goya, Mara Gomez eta Yerai Goikoetxea aritu ziren, kimuen eta haurren mailan, eta Anne Lapuente ziordiarra Barañaingo Lagunak klubarekin lehiatu zen, jubenil mailan. Guztiek lan ederra egin zuten.

Iratxe Lapuente ziordiarra 9.a sailkatu zen 500 m sprintean eta 39.a 3.000 puntuetan. Oier Ormazabal 20.a izan zen 500 sprintean eta 24.a 3.000 puntuko proban. Iker Gomez 14.a sartu zen 3.000 puntutan eta 16.a 500 m sprintean. Aipatu hiru irristalariek ezin izan zuten 1.500 metroko lineako finala  jokatu, euriarengatik. Bestalde, Maddi Goya olaztiarra 69.a sailkatu zen 1.000 sprintean, 78.a 5.000 puntuetan eta 10.000 m kanporaketan 73.a ; Mara Gomez 63.a sartu zen 1.000 m sprintean, 54.a 5.000 puntutan eta 49.a 10.000 kanporaketan eta Yerai Goikoetxea 39.a 1.000 sprintean, 15.a 5.000 puntutan eta 41.a 10.000 kanporaketan. Eta, bukatzeko, Barañain taldearekin aritu zen Anne Lapuente ziordiarra bosgarrena sailkatu zen 500 m sprintean, 17.a 10.000 puntutan eta 12.a 15.000 kanporaketan. Beraz, Espainiako Zirkuitu Txapelketan maila oso ona eman zuten gureek.

Aurretik, maiatzaren 6an Kluben Arteko 4. Irristaketa Jardunaldia jokatu zen Amaya klubeko patinodromoan. Aurrebenjaminetan, emakumezkoetan Enara Perez bigarrena sailkatu zen eta gizonezkoetan Gaizka Flores bigarrena. Eta kimuen emakumezkoetan Iratxe Lapuente bigarrena sartu zen.