Amiantoak kaltetutakoen elkartea aurkeztu da

Guaixe 2018ko mai. 18a, 08:57
Jose Manuel Bueno Perez (lehendakaria) eta juntako kideak: Juan Manuel Paniagua Martin, Julian Ilintxeta Domenech, Josune Bengoetxea Agirrebengoa, Antonio Perez Arregi, Juan Antonio Castilla Garcia, Elena Herrero Martinez eta Asvi

Adavan elkartea herenegun aurkeztu zen Iruñean. Amiantoaren erabilerak kaltetu dituen nafarren eskubideak defendatuko ditu. Aldi berean, foru administrazioari, besteak beste, osasun arloko hainbat neurri hartzeko eskatu dio.

Nafarroako Amiantoaren Biktimen Laguntzarako eta Defentsarako Elkartea, Adavan, dagoeneko errealitatea da. 2016ko udazkenean hasi zen elkartearen hazia Altsasuko Gure Etxea eraikinean ernaltzen eta herenegun jendaurrean agertu zen haren zuzendaritza, elkarte sortu berriaren asmoen berri emanez. Azaldu zutenez, "arduratuta geunden, amiantoaren eraginez sortutako gaixotasunak handitu egin direlako eta, horregatik, elkartu gara". Gogorarazi zutenez," amiantoarekin lotutako gaitz gehienak ezintzaileak edota hiltzaileak dira hein handi batean".

Adavanekoek euren buruari jarri dieten egitekoen artean daude "gaixoei eta haien familiei informatzea eta aholkua ematea", batez ere, "izapideak ahalik eta arinenak izan daitezen, jakin dezaten zer egin behar duten lan-gaixotasun gisa aitortzeko eta, baldin badagokie, alargunendako diru-laguntzak jasotzeko".

Elkartearen helburuak
Elkarte berriak bere bazkideei haien eskubideen defentsan aholkua eman die Nafarroan amiantoak sortu dituen kalteen aurrean. Adavanek bere bazkideak banaka edo taldeka ordezkatuko ditu haiendako onurak eskuratzeko eta laguntza emanen diete auzitara jotzen dutenean haiengatik edo haien familiakoengatik.

Aldi berean, elkarteak nahi du, batetik, administrazioko zerrendan amiantoarekin harremana izan duten pertsona guztiak sartzea. Bestetik, amiantoa egon den tokietan informazio hitzaldiak antolatzea eta, azkenik, era guztietako ekintzak eta kanpainak egitea gaixotasunak aitortuak izan daitezen.

Eskaerak
Adavaneko kideek aitortu zutenez, "nahiz eta lan munduan oso zabaldua egon den amiantoaren erabilera, oso gutxi dira gaixotasun profesionalen erregistroan sartu diren kalteak. Izan ere, enpresek, mutuek eta prebentzio zerbitzuek jarrera oztopatzailea izan dute, eta, bestalde, administrazioek gaixo hauen jarraipenerako dituzten programek gabezia handiak dituzte".

Horregatik, elkarteak eskaera  zehatzak ditu. Lehenik, amiantoarekin kontaktua eduki dezaketen pertsona guztiak aitortzea eta haien izenak jasotzea, mediku azterketak eta bestelako kontrolak egin diezaizkieten. Bigarrenik, amiantoarekin harreman edukitzeagatik gaixotzen diren langileei gaixotasun hori aitortzea. Aldi berean, eskatu dute amiantoarekin zerikusia duten gaixotasunak dituzten gaixoei edota haien familiei diru-laguntzak eta kalte-ordainak berehala onartzea, "eta ez, orain arte bezala, erromesaldi luze baten ondoren".

Horrekin batera, datarengatik eta ezaugarriengatik amiantoa egon litekeen enpresa eta eraikin guztietan, publikoak zein pribatuak, azterketak egitea eskatu dute, "minerala dagoen edo ez jakiteko". Amiantoarekin lan egin duten pertsonendako osasun azterketa berezituak egitea eta pertsona horien osasunaren zaintza areagotzea eskatu du elkarteak.

Osasun arloko eskaerekin segituz, "epidemiologia irizpideei jarraiki",  eskatu dute amiantotik eratorritako gaixotasunen erregistroa osatzea, eta bertan parte hartzea bai Osasunbidea eta bai Lan Osasuneko Nafarroako Institutua. Gainera, ezinbestekoa jotzen dute "beharrezkoa den legedia onartzea amiantoak kaltetutako pertsonak aurretiaz erretira daitezen". Nafarroako erakunde guztiei eskatu diete euren mendeko esparruetan identifikatu eta zerrendatu ditzaten amiantoa dagoen tokiak eta modu kontrolatuan kendu dezatela. Aldi berean, nahi dute Nafarroan amiantoak kaltetutako pertsonei zuzendutako konpentsazio-funtsa sortzea.

Azkenik amiantoak kaltetutako nafarrak gonbidatu zituzten elkarteko bazkide egiteko. Urtean 20 euro ordaindu beharko dira.  Ordainketa honako kontuan egin behar da izen-abizenak adieraziz:  ES9130350018420180043246.

Harremanetarako: adavan2018@gmail.com e-posta edo 661 129 440 telefonoa.