Garcia de Eulate ongi Iruñea Half Triathlonen

Guaixe 2018ko mai. 17a, 15:45

Gizonezkoen sailkapen orokorrean 47.a sailkatu zen eta bere adin tartean, 35-39 adinean, lehena. Gorka Acebes bigarren sakandarra izan zen eta Mikel Astiz hirugarrena

Sakandarrak Iruñea Half Triathlonean (1,9-85 km-19,5 km)
1.Cristobal Dios:    3:56:00
47.Sergio Garcia:    4:24:12
92.Gorka Acebes:4:35:04
137.Mikel Astiz:    4:42:00
179.Jose Ig. Mikeo: 4:47:12
272.Isidro Asurabarrena: 4:58:19
492.Mikel Lakuntza: 5:18:30
565.Patxi Rubio:    5:27:29

*Oharra: Sailkapenean ez da triatleten jatorrizko daturik jartzen eta gerta daiteke sakandarren bat ez agertzea.

Larunbatean Iruñea Half Triathlon proba jokatu zen, Espainiako Distantzia Erdiko Koparako baliagarria. Izena eman zuten triatletek 1.900 metro osatu behar izan zituzten Allozko urtegian, bizikleta hartu eta Iruñeko Gaztelu Plazaraino joateko (85 km); bukatzeko, Iruñean 19,5 km osatu behar zituzten korrika, Estafeta eta hiri guneko kaleetan. 1.000 triatleta inguruk hartu zuten parte baina horietatik 851 triatletak lortu zuten proba luze eta gogorra osatzea.

Irabazlea Cristobal Dios galiziarra izan zen (3:56:00), ia lau ordu lanean egon eta gero. Emakumezkoetan, Sara Loher izan zen azkarrena (4:27:34). Sakandarrei dagokienez, Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate oso ongi aritu zen. Altsasuarra 47.a sailkatu zen gizonezkoen maila absolutuan (4:24:12) eta bere adin tartean, 35-39 urte tartean, lehena izan zen. Horrela, Espainiako Kopan bere adin tartean lidergoari eusten dio altsasuarrak.  Gorka Acebes Lasa olaztiarra bigarren sakandarra izan zen, helmugan 92.a eta bere adin tartean, 30-34 urte tartean, 11.a (4:35:04) eta Mikel Astiz ihabartarra 137.a sartu zen helmugan, bere adin tartean, 25-29 urte, 12.a (4:42:00).