Gure Esku Dagok giza-armarrian parte hartzera deitu du

Guaixe 2018ko mai. 18a, 10:55
Bakaikuko Gure Esku Dagokoak giza_armarrirako deialdia egiteko kartelarekin. Argazkia: @BakaikuGureEsku.

Iruñeko Gaztelu plazan Nafarroako armarria irudikatuko duen mosaikoa eginen da bihar, 12:00etan; “Nafarroako etorkizuna nafarrok erabaki nahi dugula” adierazteko.

Gure Esku Dagok deituta joan den urtean Sakanak erabakitze eskubideari buruzko bederatzi herri galdeketa hartu zituen. Aurretik, Etxarri Aranatzen 2014ko apirilaren 14an eta Bakaikun 2016ko azaroaren 27an. Aurten Malerrekako eta Lizarraldeko hainbat herritan egin dira galdeketak. Orain arte, guztira 4.007 sakandarrek eta 9.969 nafarrek parte hartu dute estatus politikoari buruzko herri galdeketetan.

Baina Gure Esku Dagoren jarduna ez da horretara mugatzen herrialdean eta nafarrak bihar eguerdian Iruñera deitu gaitu. Etorkizuna nafarron esku lelopean Nafarroako armarria irudikatuko duen giza-armarria osatu nahi dute Gaztelu plazan. Hiru helbururekin. Batetik, “nafarren erabakitzeko borondatea agerian uztea, elementu sinboliko bat erabiliz”. Bestetik, indarrak biltzea etorkizunari heltzeko. “Datozen hilabeteotan Nafarroa osoan erabakimenaren auzia eztabaida politikoaren erdigunean jartzeko determinazioa dugu”.

Nafarren erabakitzeko borondatea agerian utzi nahi du bihar eguerdiko ekimenarekin Gure Esku Dagok: “Nafarroa Garaiko herritarrok gero eta argiago dugu hemen bertan erabaki nahi dugula, eta gai guztietan erabaki nahi dugula. Halaber, inoiz baino argiago dugu Nafarroaren etorkizuna nafarron esku nahi dugula. Erabakitzea denon kontua da, herritar guztiei dagokigu, etorkizuna denon artean eraiki behar dugulako”. Horregatik, Gure Esku Dagoko kideen iritziz, “herritarrok, ezinbestean, mugitu beharra daukagu erabakitzeko eskubideari bidea zabaltzeko”. Bihar Iruñera elastiko eta zapi gorriz jantzita joateko deia egin dute. Puxika gorriak eta bestelako elementuak ere izanen dira eta aurreratu dute guztia “festa giroan eginen dugu, kale animazioak eta musikak lagunduta”.


Hirugarren helburua
Biharkoa ere bada garagarrilaren 10ean Euskal Autonomia Erkidegoko hiru hiriburuak lotuko dituen giza-katean jendea parte hartzera animatzeko eta entseatzeko modua. 201,9 km-ko giza katea da egin nahi dena erabakitze eskubidea aldarrikatzeko. Hartan parte hartu nahi duten sakandarrek dagoeneko izena eman dezakete herrietako taldeen bidez edo www.gureeskudago.eus web orriaren bidez. Izena ematen duten sakandarrek 193. km-an parte hartuko dute, Arabako Lautadan, Gasteiztik hurbil.