Euskararen erabilera handitzea helburu duen ariketa kolektibo bat da Euskaraldia, azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskal Herri guztian eginen dena. Dagoeneko Sakanako bederatzi herrik eman dute izena: Irurtzunek, Arakilek, Arruazuk, Lakuntzak, Arbizuk, Etxarri Aranatzek, Bakaikuk, Urdiainek eta Altsasuk. Ariketa hori behar bezala antolatzeko izena eman duten herrietan taldeak sortu dira eta taldekideek bere aldameneko guztiei Euskaraldia zer den azaldu nahi diete.
Horregatik, antolatu dira Irurtzungo eta Burundako aurkezpenak. Aurrenekora arakildarrak ere gonbidatu dituzte. Bigarrenera interesa duten burundar guztiak joan daitezke, baita izena eman ez duten eta Euskaraldia zer den jakin nahi duten Iturmendiko, Olatzagutiko eta Ziordiko herritarrak ere.
Euskaraldia zer den ezagutzeko aukera dira aurkezpen horiek. Eta euskararen aldeko ariketa kolektibo horretan parte hartzeko zein bide dauden eta noiz zabalduko diren azalduko dute. Jakina, beti izanen dute batzordeetan sartzeko aukera. Bestalde, igandean Lakuntzako bertako produktuen azoka dela eta jende asko elkartuko denez, Euskaraldiari buruzko informazioa emateko mahaia jarriko dute herriko taldekoek. Hara hurbiltzen direnek euskararen erabilera sustatzeko ariketa praktiko horren inguruko informazio guztia jasoko dute.
Izena emateko
www.euskaraldia.eus web orrian sartu beharra dago. Euskaraldiari buruzko informazio guztia han dago.