CBASK Final Fourreko txapelduna!!!

Guaixe 2018ko mai. 17a, 16:05

Nafarroako senior gizonezkoen lehen maila autonomikoko Final Laukoa edo Final Fourra jokatu zen asteburuan Altsasuko Zelandi kiroldegian. CBASK izan da Final Lauko txapelduna, merezimendu osoz. Mailaz igo eta hurrengo denboraldian 2. Autonomien arteko Ligan jokatuko du CBASKek

Saskibaloi festa handia izan zen asteburuan Altsasuko Zelandi kiroldegia. Sekulako denboraldia egin eta gero –soilik ligako partida bat galdu zuen–, Nafarroako Senior I. Maila Autonomikoan lehena sailkatu zen Altsasuko CBASK taldea, Liceo Monjardin, Oberena eta CB Eguesibar taldeen aurretik. Eta hain zuzen ere lau talde hauek jokatu zuten, asteburuan, Zelandin, ligako titulua erabakitzeko Final Laukoa edo Final Fourra.

Larunbatean Final Fourreko lehen jardunaldia jokatu zen. Zelandiko zaleen babesarekin eta animoekin, CBASKek 67 eta 50 irabazi zion CB Eguesibarri. Beste partidan, Liceo Monjardinek 65 eta 73 hartu zuen menpean Oberenak. Finalera sailkatzea lortu zuen CBASK-ek. Igandean, 3. eta 4. postua zehazteko lehian, Liceo Monjardinek 72 eta 76 irabazi zion Eguesibarri, partida oso estuan. Eta, ondoren, final handia jokatu zuten CBASKek eta Oberenak.

Borroka ikusgarria
Final ikusgarrian, CBASKek 65 eta 46 hartu zuen menpean Oberena. “Oso pozik gaude. Jende asko zegoen Zelandin, inoiz ez dut horren betea ikusi, eta oso giro ona. Markagailuak ez du islatzen oso ongi finalean gertatutakoa, partida oso borrokatua izan baitzen. Hasieran urduritasun puntu hori genuen; beti izaten da tentsio puntu hori. Gainera, faboritoaren zama hori gainean genuen, eta etxean jokatzeak beti areagotzen du. Baina ongi defendatu genuen, izugarri borrokatu genuen eta Final Laukoa irabaztea lortu genuen” adierazi digu Oier Huizi jokalariak.

Zelandik gogoz ospatu zuen garaipena. Asteburu guztiak saskibaloi festa ederra izan zen Zelandi. Giroa berotzeko, musika zegoen kantxan, trikitilariak ere aritu ziren eta Dantzarimakoek koreografia polita eskaini zuten. Altsasukoak aske! Leloa ere oso presente egon zen. Oso polita izan zela diote CBASK-ekoek eta Zelandin gerturatutako zaleen animoak bihotzez eskertu dituzte. “Altsasuz gain, Sakanako beste herri askotako jendea gerturatu zen, saskibaloiak duen jarraitzaileen seinale” aipatu dute. Kantxan gogoz ospatu ondoren, afari batekin borobildu zuten ospakizuna.

Mailaz igo
Horrela, Nafarroako senior gizonezkoen lehen maila autonomikoko Final Fourra irabazteaz gain, mailaz igotzea lortu du CBASKek eta hurrengo denboraldian Nafarroako eta Errioxako taldeek osatzen duten 2. Autonomien Arteko Ligan ariko da. Hurrengo egunotan egingo dituzte maila berriari ekiteko beharrezkoak diren prestaketak.

CBASK. Senior I. Maila Autonomikoa
Jokalariak: Iñaki Herrero (kapitaina), Aitor Calleiras, Unai Flores, Ander Gabirondo, Jorge Herrero, Ander Hormeño, Oier Huizi, Julen Mendia, Iosu Mendiola, Jon Otermin, Imanol Puerta, Adrian Senar, Patxi Calleiras eta Pello Iraola. Entrenatzaileak: Fermin Herrero eta Eneko Casteig.