Sakanako kirolariak oholtza gainera

Guaixe 2018ko mai. 18a, 12:35

Izaskun Beunzak, Maialen Aramendiak, Ainhoa Mazkiaranek, Aitor Zubietak eta Joseba Ezkurdiak Sutegi klubak eta Domingo Bados ikastetxeak antolatutako mahai inguruan hartuko dute parte gaur, ostiralean, 19:00etan, Clinker tabernan

Hitzaldi polita antolatu dute gaur Olaztin Sutegi kirol klubak eta Olaztiko Domingo Bados ikastetxeko euskara batzordeak. Sakanako hainbat kirolari bildu dituzte eta haiekin mahai inguru bat antolatu dute, gaur, 19:00etan, Olaztiko Clinker tabernan. Euskaraz izango da eta Iñaki Berastegi kazetari urdiaindarrak egingo ditu moderatzaile lanak. Izaskun Beunza korrikalari olaztiarra, Maialen Aramendia txirrindulari iturmendiarra, Ainhoa Mazkiaran segalari altsasuarra, Aitor Zubieta pilotari ohi etxarriarra eta Joseba Ezkurdia pilotari arbizuarra izanen ditu aurrez aurre. Kirol eta kirolari ezberdinak dira, afizionatuak batzuk eta profesionalak besteak, baina guztiak bizipen interesgarriekin. Norberak bere kirolari eta egunerokotasunari buruzko azalpenak emango ditu eta merezi duen mahai ingurua da, zalantzarik gabe.

Sutegi klubaren eguna, igandean
Gaurko Sakanako kirolarien mahai inguruaz aparte, Olaztiko Sutegi kirol klubak igandean Sutegi eguna antolatu du. Erburua kiroldegian burutuko da ekitaldi nagusia, 17:00etan. Horrela, Sutegiko kirol taldeek –pilota, irristaketa, areto futbola, gimnasia…– erakustaldi ederra egingo dute kiroldegian, kurtso bukaerako festa kutsua duen ekitaldian. Ondoren, bildutako guztiendako auzate ederra izango da.

Horretaz gain, bihar, larunbatean, mendi ibilaldia antolatu du Sutegik. Mendizaleek goizeko 7:30ean hartuko dute irteera, Olaztiko San Migel plazatik. Olazti eta Ziordia bitartean, mendiz-mendi, buelta ederra emango dute. Ondoren herri bazkaria antolatu dute Olaztiko pilotalekuan.