Bakaikoak Promesen txapela jantzi nahi du

Guaixe 2018ko mai. 18a, 13:37

Promesen Buruz Buruko finala jokatuko du etxarriarrak Jon Erasunen kontra, larunbatean, 17:30ean, Labriten (ETB1)

Joanes Bakaikoa aurrelari etxarriarra Promesen Buruz Buruko finala jokatzeko sailkatu da, sekulako txapelketa egin ondoren. Bihar, larunbatean Iruñeko Labrit pilotalekuan jokatuko den finalean Jon Erasun izanen du aurrez aurre. Bi pilotariak sasoi betean iritsi dira finalera eta lehia gogorra aurreikusten da bihar

Joanes Bakaikoak Dario txapelketatik kanpo utzi zuen Promesen Buruz Buruko final laurdenetan –22 eta 16– eta finalerdietan Gorka Esteban errioxarra izan zuen aurkari, Orduñan. Aurreko urtean bezala, bi pilotariak elkarren kontra aritu ziren finalerdietan. Partida oso gogorrean –308 pilotakada gurutzatu zituzten–tantoa bukatzerakoan finago ibili zen etxarriarra eta, aurreko urteko historia errepikatuz, finalera sailkatzea lortu zuen. Aurreko urtean Arteaga II.a izan zuen aurkari etxarriarrak eta ezin izan zuen txapela jantzi (18 eta 22); baina aurten egoerari buelta eman nahi dio eta txapela janztea da bere nahia.

Jon Erasun ere txapelketa bikaina egitetik dator. Zizurkilgoak Ugalde eta Urretabizkaia utzi ditu bidean, 300 tantotik gorako partida oso gogorretan. Bakaikoa eta Erasun, biak pilotari oso gogorrak dira eta final estua eskainiko dutela aurreikusten da. Bakaikoa txapeldunordea izan zen aurreko urtean eta arantza atera nahi du, txapela jantziz.

Asteazkenean aukeratu zuten materiala eta Inaxio Errandonean aurkeztutako materialaren inguruan ez zen kexarik egon. Erasunek Bakaikoa faborito jo zuen. “Bera da faboritoa, baina ni nire jokoa egitera aterako naiz eta partida irabazten ahaleginduko naiz”. Bakaikoak finala jokatzearekin ilusionatuta dagoela onartu zuen eta, dena prest, burua biharko finalean du etxarriarrak. “Hautatu ditugun lau pilotak buruz buru jokatzeko pilota onak dira. Ilusioarekin nago; aurreko urtean finalera iritsi nintzen, sorpresa emanez, eta gutxigatik galdu nuen. Aurten ere ilusioarekin nago. Badakit oso partida zaila izango dela, baina ni saiatuko naiz hasieratik oso zentratuta jokatzen, nire jokoa egiten eta ea zer moduz doakidan” azaldu zuen. Ziurrenik Erasun partida gogortzen saiatuko da atzean. “Ni iaz ez nintzen faboritoa eta finalera iritsi nintzen. Erasun aurten ez zen faboritoa eta partida guztiak irabazi ditu. Garrantzitsua ez da faboritoa izatea, partidaren egunean ongi jokatzea baizik” gaineratu zuen etxarriarrak. “Horregatik, ni lasai jokatzen saiatuko naiz. Entrenatzen ongi ibili naiz eta sentsazio onak ditut. Gakoa kantxara kontzentratuta ateratzean eta lasai jokatzean dago. Saiatuko naiz berak alde asko ez ateratzen. Horretaz gain,  ongi ateratzen eta ongi erantzuten saiatuko naiz, hori da garrantzitsuena buruz burukoan; burua ez galtzen eta nire jokoa egiten ahaleginduko naiz” nabarmendu zuen aurrelari etxarriarrak.

Maila nagusiko Buruz Buruko txapela ekartzea ezinezkoa da, baina ea Promesen Buruz Burukoa Sakanara etortzen den!