Krisiak 2.000 lanpostu ingururen galera ekarri zuen eskualdean eta azken urteotan heren bat soilik berreskuratu da. Sakanan bizi den pertsona askok inguruko eskualdeetan bilatu dute lana; beste askok erretiroa aurreratu behar izan dute. Sortutako lanpostuak genituenak baino kaxkarragoak direla ozen esan dezakegu ere. Egoera honen aurrean, eskualdeak bere bide propioari ekitea erabaki zuen, traba guztien gainetik sakandarron bizi baldintzak hobetzea helburu –Garapen agentziaren sorrera, plan estrategikoa…–.
Errealitate horri aurre egiteko estrategia bat martxan jartzea beharrezkoa zen, baina horretaz aparte, egungo marko politikoak ezartzen digun eredua aldatu beharra dago. Borrokak piztea beharrezkoa da, lan erreformak eragin duen estatalizazioari aurre egiteko. Adibideak badaude, eta oso adierazgarriak dira GH Guema, Aceros Moldeados edo Magotteaux Navarra bezalako enpresatan lortu dituzten hitzarmenak. Beraietan, lan erreformari aurre egiteko klausulak jasotzea lortu da. Esan dezakegu lan hitzarmenaren defentsan burujabetza ariketa egin dutela erreformari aurre eginez. Martxoaren 8an emakumeek ere, Euskal Herriko mugimendu feministaren deialdiari jarraikiz, burujabetza ariketa potoloa egin zuten. Pentsionistak ere, 1.080 euroko pentsio minimoaren aldeko eta pentsio sistema propioaren aldeko dinamikarekin, burujabetza ariketa praktikoa egiten ari dira.
Argi dago erabaki propioak hartzen dituenak, Katalunian egin bezala, prest duela 155a. Nafarroan 155. artikulua de facto aplikatzen ari dira; 19 lege errekurrituak izan dira eta hitzarmen ekonomikoarekin berreskuratu ditugun 250 milioiak ezin ditugu inbertsio sozialetan erabili, Espainiak zorraren ordainketa lehenesten eta inposatzen baitu. 135. artikulua erabiliz, estatuak gure erakunde publikoen gastuaren muga inposatzen digute, zerbitzu publikoetan enplegua suntsituz eta lan baldintzak kaskartuz.
Erronka handia dugu aurrean; burujabetza, prozesu integral bat bezala ulertu beharra dugu. Ekainaren 9an hitzordu aparta dugu Burujabe dinamikarekin bat eginez eskualdean erabaki txikiak hartzen hasteko eta nahi dugun Euskal Herria gauzatzen hasteko.